Udalerri euskaldunetako Salto! Gazte Topaketak egingo dituzte urriaren 20tik 22ra, Orion

2017/09/26
Gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu UEMAk. Orion egingo dira jardunaldiak urriaren 20tik 22ra, eta bertan parte har dezakete udalerri euskaldunetako 15 eta 18 urte arteko gazteek.

Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartu da UEMA, eta herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzea da erakundearen ildo nagusietako bat. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaldu eta arnasguneen garrantzia nabarmentzeko helburuarekin. Horrela, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazi nahi die.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu aurten lehen aldiz UEMAk. Urriaren 20tik 22ra izango dira, Orioko Itxaspe baserrian, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da asmoa. 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dira topaketetan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimen hau.

Topaketaren prezioa 30 eurokoa izango da eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da urriaren 9a baino lehen izena ematea. Horretarako, honakoak dira bideak:

  • UEMAren sare sozialen bidez: @uema_eus
  • Telefonoz: 943 816699.
  • Datu pertsonalak bete eta hona bidalita:

UEMA · Enparan kalea 1, 2a ·
20730 Azpeitia, Gpuzkoa
hezkuntza@uema.eus

Iturria: UEMA