Urte berriko feria Errege Egunean egingo da aurten

2018ko urtarrilaren 3aUrte berriko feria Errege Egunean egingo da aurten

Urteko lehen larunbatean ospatu ohi dugu Deban Urte Berriko Feria. Aurten hilaren 6an izango da, Errege Egunean, hain zuzen ere. Goizeko 09:00etarako herriko plazak baserriko produktuz beteko zaizkigu, eta kioskoan ganadu erakusketa egongo da. Goiz osoan zehar herriko musika talde eta dantzariak izango ditugu kaleak girotzen.

Aurten hilaren 6an, Errege Egunean, izango da Urte Berriko feria handia. Goizeko 09:00etarako, herriko plazak baserriko produktuz beteko zaizkigu. Gainera, ganadu erakusketa egongo da kioskoan. Eguna alaitzeko herriko hainbat musika taldek kaleak girotuko dizkigu eta 11:30ean musika eskolako dantzariak arituko dira Aldats pilotalekuan. Eguerdiko 13:00 inguruan feriako sari banaketa egingo da Foruen plazan eta gaueko 21:00etan Euskal Jolas pilotalekuan egingo diren idi probekin emango diogu bukaera egunari.

Fruta eta barazki lehiaketa

  • Postuak gutxienez 8 metrokoak izango dira, eta goizeko 09:00etarako jarri beharko dira. Erakusketa 10:00ak arte izango da, eta lehenago ezingo da ezer saldu. Azoka 15:00etan amaituko da, eta ordurako postuak jasota egongo dira. Postu bakoitza non jarriko den Udalak erabakiko du.
  • Parte-hartzaileek beraiek landutako barazki eta frutak aurkeztu beharko dituzte.
  • Lehiaketak bi atal bereizi izango ditu:
    1. Barazkiak

    2. Frutak

  • Lehiaketarako epaimahaia Debako Udalak izendatuko du, gai honetan adituak diren erakunde publiko nahiz pribatu edo jakitunen iritzia kontuan hartuta. Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da eta honako irizpideak jarraituko dituzte:
    1. Kalitatea

    2. Aurkezteko era

    3. Aniztasuna

Epaimahaiak sariren bat eman gabe utzi dezake.

  • Baldintzak:
    • Barazkiak: gutxienez sei barazki mota ezberdin aurkeztu beharko dira, bi kilo mota bakoitzeko. Aleka saltzen diren produktuak, berriz, gutxienez dozena bat mota bakoitzeko.
    • Frutak: gutxienez sei fruta mota ezberdin aurkeztu beharko dira, bi kilo mota bakoitzeko.
  • Lehiaketako baldintzak betez gero, 60 euroko dieta jasoko dute parte-hartzaileek.
  • Sariak:
    • 1.goa: 300 euro.
    • 2.a: 250 euro.
    • 3.a: 200 euro.
    • Posturik onena: 150 euro.
    • Herriko posturik onena: 150 euro.

Gazta lehiaketa

  1. Lehiaketan parte hartzeko, gazta udaletxean aurkeztu behar da hamarretatik hamaiketara bitartean.

  2. Partaideek 12 euroko dieta izango dute.

  3. Sariak:

    1.goa: 350 euro

    2.a: 300euro

    3.a: 250 euro

    Saritu gabeko Debabarreneko lehena: 200 euro

Debabarreneko XVI. ezti lehiaketa

  1. Lehiaketan parte hartzeko, eztiak gordinak eta berotu gabeak izan behar dira.

  2. Eztia eskualdean ekoiztua izan behar da.

  3. Partaideak bi ezti pote berdin aurkeztu behar ditu.

  4. Lehiaketan aurkeztutako eztiak norberarena izan behar du.

  5. Epaimahaikoek honako irizpideak jarraituko dituzte erabakia hartzerako orduan:

    Aurkezpena

    Hezetasuna

    Usaina

    Gustua

  6. Sariak:

    1.goa: 150 euro

    2.a: 125 euro

    3.a: 100 euro

  7. Partaideek 10 euroko dieta jasoko dute.

  8. Hiru irabazleak Gipuzkoako Ezti Lehiaketarako sailkatuko dira.