XLVIII. Kaleko margo lehiaketan aurkeztutako lanak ikusgai izango dira astebetez

2017/09/09
XLVIII. Kaleko margo sariketa ospatu du gaur Udalak, Haitz-haundi elkarte artistikoaren eta Cardenas fundazioaren laguntzarekin. Debako txoko ezberdinak islatzen dituzten 13 artelan aurkeztu dira lehiaketara eta 8 izan dira sarituak. Lanak ikusgai eta salgai egongo dira irailaren 10etik 17ra bitartean.

Jatorri ezberdineko 13 margolari hurbildu dira gaur Agirre jauregira euren mihisei zigilua jartzera, guztiak ere helburu bakarrarekin: XLVIII. Kaleko margo lehiaketan parte hartzea eta Debako udalerriaren esentzia jasoko zuen margolana ordubiak baino lehen amaitzea.

Aurtengo epaimahikideak Ana Salegi, Jose Agustin Larrañaga, Jose Luis Aperribai, Begoña San Jose eta Javier Cardenas izan dira eta aho batez, honako sari hauek ematea erabaki dute:

  • 1. saria 600€ - Udane Juaristi (Azkoitia)

  • 2. saria 450€ - Esteban Oroz (Eibar)

  • 3. saria 300€ - Jokin Telleria (Beasain)

  • Saritu gabeko herriko lehen klasifikatua 200€ - Irati Albizu (Deba)

Cardenas Fundazioak eskainitako sari bereziak:

  • 4. saria 200€ - Nerea Illarramendi (Mutriku)

  • "Mª Esperanza Chávarri Saria" akuarelarik onena 300€ - Juan Carlos Aresti (Bilbo)

  • "Blanca Vilallonga Saria", itsasoa gaitzat duen margolanik onena 300€ - Juan Jose Altuna (Bergara)

  • “Marqués de Prado Amena”, 21 urte baino gutxiago dituztenei zuzenduta, saritu gabeko lanik onena, 150 € - Leire Movellan (Deba)

Debako Udalak lau sari eman ohi ditu eta Cardenas fundazioak beste lau. Aurten guztira 2.500 € banatu dira 8 saritan. Saritutako lanen artean lehen saria eta herriko saritua Udalaren jabetzan geldituko dira eta Maria Esperanza Chavarri eta Marques de Prado Ameno sari bereziak, berriz, Cardenas fundazioarenetan.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Agirre Jauregian egongo dira ikusgai irailaren 10etik 17ra eta lanak erosteko aukera ere izango da. Astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa; larunbatean, 12:00-14:00 bitartean eta 18:00-20:00 artean. Igandetan berriz, eguerdiko12:00etatik 14:00etara.

Argazkia: Udane Juaristi, lehiaketako irabazlea