Zaintza, salbamendua, laguntza eta bainu lagunduen zerbitzua kontratatzeko prozesua zabaldu du Debako Udalak

2024ko apirilaren 25aZaintza, salbamendua, laguntza eta bainu lagunduen zerbitzua kontratatzeko prozesua zabaldu du Debako Udalak

Zerbitzu hori Santiago eta Lapari hondartzetan emango da, bertako erabiltzaileen segurtasuna hobetu eta kalitatezko arreta-zerbitzua eskaintzeko. Kontratuak 3 hilabeteko iraupena izango du eta interesa duten pertsona edota enpresek maiatzaren 13a bitarte izango dute beren proposamenak telematikoki aurkezteko, kontratatzailearen plataformaren bitartez.

Gero eta gutxiago falta da uda sasoia iristeko eta horren harira, Debako hondartzetan, hau da, Santiagon eta Laparin zaintza, salbamendua, laguntza  eta desgaitasuna duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzua kontratatzeko prozesua zabaldu du Debako Udalak.


Kontratazio horren bidez, bi hondartzetan kalitatezko arreta-zerbitzua eskaintzea du helburu Udalak, bertako erabiltzaileen segurtasuna eta gozamena bermatzeko, bereziki uda sasoian.

Prozesuaren xehetasunak


Kontratuaren baitan jasotzen dira, beraz, Santiago eta Lapariko segurtasuna bermatu eta kudeatzeko zerbitzu integralak. Horien artean nagusitzen dira: bainu-eremuak mugatzea, etengabeko zaintza, gorabeheren aurrean azkar jardutea eta larrialdietan berehalako laguntza ematea. Gainera, arreta berezia eskainiko zaio desgaitasuna duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzuari, itsas ingurunean behar bezala integratu daitezen eta hondartzez goza dezaten.


Kontratuak 3 hilabeteko iraupena izango du, eta denbora horretan enpresa esleipendunak kontratuan eskatzen diren kalitate- eta segurtasun-estandarrak bete beharko ditu. Hori horrela, pertsona edo enpresa interesdunek maiatzaren 13a bitarte izango dute proposamenak eta eskaerak aurkezteko epea, telematikoki, kontratatzailearen plataformaren bitartez.


Prozesu honekin, Debako Udalak hondartzetako erabiltzaileen gozamenerako eta segurtasunerako funtsezko zerbitzuak ematean ahalik eta eraginkortasunik handiena bermatu nahi du, urteko hilabeterik jendetsuenetan, herriko zein eskualdeko erakargarritasun turistikoa mantentzeko.


Informazio gehiago nahi izanez gero, kontratazio prozesuaren oinarriak udal webgunean daude ikusgai.