Polentzi Markiegi

Florencio Markiegi Olazabal (1898/01/03-1937/10/15)

DEBAKO SEME KUTUNA

Debako alkatea

Sinesmen erlijioso eta zintzotasun handiko gizona izan zen, bere sorterriarekin eta Euskal Herriko askatasunaren aldeko borrokarekin konprometitua. Eredugarria izan zen Debaren alde, debarren alde eta demokraziaren alde izan zuen jarrera. Izan ere, bere irudia Gerra Zibileko biktima guztien sinboloa bilakatu da.

Florencio Markiegi Deban jaio zen 1898ko urtarrilaren 3an. 1937ko abuztuaren bukaeran Santoñako (Santander) El Dueson  kartzelatu zuten eta egun batzuk geroago, heriotza zigorra ezarri eta 1937ko urriaren 15ean fusilatu egin zuten Berriako hondartzan.

18 urte zituela Debako Alderdi Jeltzaleko udal batzordeko idazkari izendatu zuten. Urte batzuk beranduago, Batzokiko presidente eta Uri-Buru-Batzarreko idazkari hautatua izan zen.

Debako euskal eskolaren sortzailea ere izan zen. Primo de Riveraren diktadura garaian inguruko mendigoizaleen mugimendua indartzen lagundu zuen.

Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, 1936ko uztailaren 18an, Debako alkate eta EAJko partaide nabarmena zen. Tropa frankistak Deban sartu baino egun batzuk lehenago (1936ko irailaren 23an sartu ziren), familiarekin batera ihes egin zuen Bizkaia aldera, eta han, emaztea, Maritxu Garate, eta alabak (Itziar, Nekane eta Lorea) Iparraldera itsasoratzea lortu zuen. Bera, aldiz, atxilotua izan zen eta beste euskal gudari batzuekin batera Santoñan fusilatu zuten. 39 urte besterik ez zituen.