Zumaia - Deba (GR 121- Talaia)

Flyscharen ibilibidea

 

Ibilbidea Zumaiako udaletxearen ondoan hasten da (0 metro). Kale estuetan barrena parrokia elizara heduko gara eta, eskalinatan behera egin ondoren, San Telmo kale ondora. Kalean gora egingo dugu eta San Telmo ermitara helduko gara, Itzurungo hondartako itsaslabarren gainera (800 metro).

Itsaslabarren edertasunaz gozatu ondoren, behera egingo dugu, itsasertzera. Han, bide estu batean gora egingo dugu berriz, bailara txiki batera. Igoera Zumaiatik datorren errepidean amaitzen da; errepide horrek Andika Zahar eta Andika Berri baserrietara eramango gaitu (2.100 metro).

Baserriak pasa ondoren asfaltatutako errepidean egingo dugu tarte bat, eskuinaldean Etarte muinora doan bidearekin topo egin arte. Bide hori hartu eta gora egingo dugu, Elorriaga auzoko Galarretako Zabalera arte; han olgetarako leku bat dago, mahai, banku eta guzti. Elorriaga auzoaren erdigunera heltzeko minutu gutxi batzuk beharko ditugu; han, atseden hartzeko, San Sebastian ermita ikustera joan gaitezke (4.400 metro).

Elorriaga auzoa atzean utzi eta ibilbideko seinaleek Txakotegain eta Sorazumenditik gertu dagoen ibarbide batera eramango gaituzte. Behera egin eta Arantza Goikoa baserrira helduko gara; gero, Arantza Bekoa baserrira. Handik, bideak kostako lerroraino egiten du behera. Errotaberriko erretena igaro ondoren, Sakonetara helduko gara (7.700 metro).

Sakonetatik gora egingo dugu, lekuaren izen bera daukan baserri aldera. Eskuinaldean, behean, Sakoneta eta Mendata kalak ikusiko ditugu. Aurrean, Mendata puntaren ekialdeko aurpegia; Mendata puntari gehienek Aitzuri esaten diote. Behera egingo dugu, trenbiderantz, baina trenbidera heldu aurretik tunelaren gainetik pasako gara, Mendata baserrirako bidea hartzeko (8.600 metro).

Bideak kostako lerroaren norabide bera dauka. Laster Aitzuriko haitz itzelaren mendebaldeko aurpegia ikusiko dugu. Itxaspe auzora doan bidean gora egingo dugu, auzoaren izen bera daukan kanpinera heldu arte (10.800 metro).

Itxaspen, pistan behera egingo dugu, aurrena Atalaia esaten dioten lekuan zehar eta gero Aitzuziaurren barrena. Hala, Arronamendiko bailara txikiaren hondoraino helduko gara. Orduan, gora egingo dugu, N-634 errepidera, Salbe begiratoki ingurura heldu arte. Egurrezko pasarela gurutzatuko dugu eta Santa Katalinara eramango gaituen bidea jarraituko dugu (12.100 m).

Atseden hartu eta toki honek eskaintzen digun paisaiaz gozatu ondoren, ermitako zelaia zeharkatu eta Etxeberri eta Iparragirre baserrietara abiatzen den bidea hartuko dugu. Etzazu itsaslabarren ondotik doan bide malkortsua hartu, oso arriskutsua da eta itxita dago. Aipatu baserriak atzean utzi eta GRaren marka gorri eta zuriz seinaleztatutako bidetik jarraituko dugu, beherantz, San Roke ermitako zementzuko pistara heldu arte. Hemendik, aldapa handia jaitsi eta minutu gutxitan Debako herrigune historikora iritsiko gara (14.000m).

Deskargatu GR 121 ibilbidea.