Ondare erlijiosoa

Antzinako aberastasuna islatzen du

Debako Santa Maria eliza, ezbairik gabe, Gipuzkoako eraikin erlijiosorik ederrenetariko, orijinaletako eta konplexuenetako bat da. Eliza honetan eraikitzeko eta erausteko hainbat esku hartze antzeman daitezke eta, horien bidez, lehenengo eliza gotikoa Debako hiribilduko biztanleen beharretara egokitzen joan zen. Klaustroa, portada polikromatua, sakristiako harlanduzko lana edota eraikin gotikoaren hondarrak direla medio, Gipuzkoako elizen garapena ondoen irudikatzen duen horietakoa da eliza hau.

Aipamen berezia merezi du Itziarko Santutegiak. Ama Birjinarenganako duten erakarpen erlijiosoa erakutsiz udaberri oro ehundaka gipuzkoar oinez igotzen dira bertara.

Ezin dugu ahaztu Sasiolako Komentu-Ospitalea, Santiago bideko gune garrantzitsua eta Gipuzkoako Frantziskotarren bigarren komentua. Ez eta udalerri osoan zehar banaturik dauden ermitak ere: Santa Katalina, Elorriagako San Sebastian, Lasturko San Nikolas, Gurutze ermita Foruen Plaza ondoan, Debako eta Itziarko hiriguneen artean dagoen San Roke ermita, Artzabal auzoko Santa Ana eta Itxaspe auzoan dagoen Salbatore.

 

 

Santa Maria eliza

Itziarko santutegia

Sasiolako komentu-ospitalea

Ermitak

 

 

 

 

Itziarko santutegia

Erakarpen erlijioso handikoa, santutegi honen eragina kostalde osora zabaldu da 1294.urtean Itziar herri gisa osatu zenetik.

Aspaldikoa da oso Eliza, XVI. mendean berriztatu zen arren. Nabe bakarrekoa eta bitarteko zutaberik gabea. Zutabeek zabalera-neurri berezia dute: hiru zati laukizuzenetan banatua daude. XIII edo XIV. mendean eliza bat eraiki zela pentsatzeko arrazoiak daude. Eliza horrek dorre adosatua zuen, eta oraindik ere elizaren aztarna ugari mantentzen dira: horren adierazgarri dira mendebaldeko hormako leiho itsuak eta dorrearen arku zorrotza. Santa Mariari eskainia da eta aipatzekoa da barruan duen Amabirjinaren irudia eta XVI. mendean Andres de Araozek eginiko egurrezko erretaula bikaina, arte platereskoari dagokion ale garrantzitsua. Erretaula honetan Ama Birjinaren bizitza irudikatzen da ebanjelioen arabera.

Itziarko Ama Birjinaren irudi erromanikoak jatorri eta egile ezezagunak ditu eta bere jatorria seguruenik lehenengo tenpluarekin egongo da lotuta, XIX. mendea baino lehenagokoa izanik, baina tenplu honen arrastorik ez da topatu. Gipuzkoako zaharrena dela uste da, Irungo Junkalekoarekin batera.

Aldare nagusiko irudi honek aurpegi proportzionatua eta espresiboa dauka, eta Euskal Ikonografiako irudirik ederrenetakoa izatearen fama dauka.

Marinelen zaindaria izanik, euskal marinelek sarritan gurtu izan dute. 1952ko abuztuaren 3an koronatu zuten.

Elizaren kanpoaldean, iparraldean, Jorge Oteiza eskultoreak altzairuz egindako "Amatasuna" artelan zirraragarria aurkitzen da.

Sasiolako komentu-ospitalea

Gipuzkoako Frantziskotarren bigarren komentua

Sasiolako Monasterioa Debatik 5 km-ra dago, Mendarora bidean. 1964ko urtarrilaren 17an monumentu historiko deklaratu zuten.

XVI. mendearen hasieran, "San Francisco de la Observancia"ren Frantziskotar Lagundia, Sasiolako Dorretxearen bitartez, Itziarko Santutegi ondoan komentu bat fundatzen saiatu zen; baina ez zen posible izan elizako biltzarra eta sekularra aurka jarri zirelako.

Orduan, Juan Perez de Liconak "Sasiolako toki eta ontziola" eman zien, Deba-Mendaro tartean, Deba ibaiaren ertzean kokatua. Itxura denez, beste eraikin batzuk eta ontziolak ere bazeuden bertan "Ntra. Señora de la Piedd"-i eskainitako ermitarekin batera. Historikoki duen balioa argi eta garbi dago Gipuzkoako Frantziskotarren bigarren komentua zela kontuan izanez gero.

Artistikoki ere garrantzi handikoa dugu. Aipagarriena, barnean, aldare inguruan dagoen XVII. mendeko intxaurki erretaula barrokoa da, Vidaurreta komentukoaren antzekoa.

Ermitak

Santa Katalina

Egia auzoan kokatuta dago, aurrean itsasoa eta Debako herrigunearen ikusmira zabala eskaintzen du. Ermita honi buruzko lehen aipamenak 1539koak dira.

Kostaldeko Santiago Bidean erreferentzia puntua dugu.

Lehen Santa Katalina eta San Juan egunean ospatzen zen meza, erromeria eta guzti. Gaur egun, San Juan egunean (ekainaren 24an) bakarrik ospatzen da.

Elorriagako San Sebastian

Elorriagako auzoan dago eta Santiagoko kostaldeko bidean gune garrantzitsua izan zen. Oso antzinakoa dela badakigu, Deba eta Zumaia hiribilduek 1391. urtean egindako konkordian honen aipamena agertzen baitzaigu. Ermita soil honen barruan bataiarri erromaniko bat, Andra Mariaren irudia (XIII-XV m.) eta San Roke eta San Sebastianen bi taila txiki daude.

Lasturko San Nikolas

Ermita hau Lasturko ibar itxian dago eta inguru horretan dagoen burdinolaren pareko antzinatasuna du. 1625ean Lope de Isastik aipatu zuen.

Historian zehar, Lasturko eta Arbizkoako eliztarrak joan dira bertara. Santuaren omenezko jaia irailaren 10ean ospatzen da. Ermita aurrean dagoen plazatxoan inguruko larrabehien ateratzeak ospatzen dira eta betizu famatu hauek Europako behi-arraza autoktonorik antzinakoenak dira.

 

Gurutze ermita

Ermita hau Gurutze kalearen bukaeran dago, udaletxe parean eta herrigune historikoko iturri zaharraren ondoan, Itziartik datorren Errege Bidearen sarreran. Dituen aztarna arkeologikoek oso zaharra dela erakusten dute.

XIX. mendearen bukaeran, Debako Udalak ermita hau bota egin nahi izan zuen oso txikia izateagatik, oso hondatuta zegoelako eta leku profanoan kokaturik zegoelako (iturri publikoaren ondoan eta jaiak ospatzen ziren plazaren aurrean). Apezpikutzak ez zuen udal erabakia onartu.

Ermita hau, hasiera batean itsasgizonen eta olagizonen gurtza-lekua omen zen; itsasora begira lan egiten zutenenena, alegia: itsasgizonek arrantzan, eta olagizonek burdin betak jaso eta ibaian gora oletaraino garraiatuz.

San Roke

Ermita honen berri XVII. mendetik dugu. Herriaren muinoan kokaturik dago, herrigunetik Itziarra joateko zegoen galtzadan.

Oso eraikin ederra da, egurrezko barradun ataria du, lau isurkiko teilatua eta atean urbedeinkatu-ontzia. Barruan, atariaren gainean kokatutako korua du.

San Roke Eguna, herriko patroiaren omenez, abuztuaren 16an ospatzen da. "Eskudantza" dantzatu ondoren Santuaren irudia hartu eta prozesioan Santa Maria Elizatik ermitaraino igotzen da eta han Meza Santua ospatzen da. Dantza hori Gurutze ermitaren eta San Roke ermitaren aurrean ere errepikatzen da. Meza bukatu ondoren, prozesioan irudia Santa Maria Elizara bueltatzen da eta bidean San Roke kalean eta Portu kalean dauden santuaren irudien aurrean eskudantza dantzatzen da. Debarren Egunean ere, maiatzeko hirugarren igandean, meza ospatzen da bertan.

Artzabalgo Santa Ana

Gutxien ezagutzen dugun ermita profanatua dugu. Artzabalgo auzoan dago eta Santa Ana izena du. Artzabalgo Gorrotxategi baserrian dago eta kareharrizko urbedinkatu-ontzia bertan dago oraindik.

Salbatore

Ermita txiki hau Ermittia haitzuloa dagoen izen bereko harkaitzmuinoaren tontorrean dago.

Tradizioak dioenez, Salbatoreren irudia itsasoan aurkitutakoa da.

Tontorrera iristeko bidea arte kantabriarrez osatutako oihan trinkoz eta sasiz beteta dagoenez, mendia inguratuz igo behar da ermitara. Ibilbidea motza da baina igoera aldapatsua du.

San Josepeko Gurutzea

Itziarko Bidea eta Astillero kaleek bat egiten duten gunean dago. 3,83 metroko altuera du eta XVIII. mendeko gurutze ikusgarria da. Hareharriz egindakoa da eta 1738 data dauka grabaturik aldeetan. Iparraldean pasioaren tresnak ditu zizelaturik.