Done Jakue Bidea

Erromesek atsedenleku paregabea topatuko dute Deban

GELTOKIA 

DEBAKO SANTIAGO BIDEKO LAGUNEN ATERPETXEA

Ifar kalea 4 (Turismo Bulegoa) - 943 19 24 52 / turismoa@deba.eus

  • Santiago Bidea oinez, bizikletaz edo zadiz egiten duten erromesentzako soilik

 

Debako beste alojamenduen eskaintza ikusteko klikatu ostatuak


GELTOKIA ATERPETXEKO ZERBITZUAK

"Geltokia" Santiago bidea egiten ari diren erromesentzako aterpetxea da. 8, 12, 16 eta 20 pertsonentzako ohe anitzeko lau gela daude, guztira 56 lagunentzako tokia dago. Egongela, WI-FIa, komunak, arropa garbitzeko garbigailua nahiz  lehorgailua ditu eta neguan berogailua dago. Ez du sukalderik. Sarrera ondoan terraza eder bat dago eta bizikletak gordetzeko tokia ere badu. Debako Santiago Bideko bolondresek kudeatzen dute eta bertan lo egiteko ezinbestekoa da Debako Turismo Bulegoan erregistratu eta giltza eskatzea. Mantentze gastuei aurre egin ahal izateko elkarteak 5 €-ko laguntza eskatzen du.

 

 

 

 

 

ZARAUTZ - DEBA eta DEBA - MARKINA ETAPAK

 

Zarautz - Deba (21.3 km.)

Deba-Kalbario-Markina (24.2 km.)

 

DEBAKO SANTIAGOKO BIDEEN LAGUNEN ELKARTEA

 

Debako Santiago Bideko Lagunen Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkartea da.

Berezko nortasun juridikoa du.

2004ko ekainean inskribatu zen Euskadiko Elkarteen erregistroan AS/G11251-2004 zenbakiarekin.

 

Besteak beste honako helburuak ditu:

  • Iparreko edo Kostaldeko Santiagoko Bideko ezaguera eta erabilera erromesen artean bultzatzea.
  • Santiago Bidearen Ibilbidea Deban definitzea.
  • Erromesei ibilbidea errazteko Bideetan erabilitako zeinu konbentzionalen bidez ibilbideen seinaleak jartzea zuzenean edo beste erakundeen edo Administrazio Publikoen bitartekotzarekin.
  • Erakunde eta entitate publiko edo pribatuen aurrean Debako ibilbidearen erabilera eta kontserbazioa bultzatzea. Horretarako, Euskadiko Santiago Bideko Lagunen elkarteekin, eta batez ere, Gipuzkoako elkartearekin harreman estua dute.
  • Aipatutako erakundeen aurrean, Debako ibilbideko ondare historikoa eta kulturala babestu eta mantentzea.
  • Debako Udalaren aurrean lan egitea erromesentzako ostatu bat egi bilakatu dadin, Santa Katalina ermita inguruan edo Biderako interes osagarria izan dezakeen beste tokiren batean.
  • Aipatu helburuak betetzea erraztu asmoz, inguruko udaletako elkarteekin kontaktuan mantentzea.
  • Horretarako egiten diren azterketak, elkarteak onartu ondoren ezagutzera ematea.
  • Iparreko Santiago Bideari buruzko hitzaldiak, konferentziak eta mahai-inguruak antolatzea eta horretarako beharrezkoa den laguntza eskaintzea.

DEBA - KALBARIO -MARKINA

Done Jakueko antzinako bidea Sasiola eta Astigarribia auzo historikoetatik igarotzen bazen ere, gaur egun Deba-Kalbario-Apain bidea da erromesek egiten dutena. Deba eta Markina-Xemein artean ez da herririk zeharkatzen; Olatz (6,9 km) auzotxoa baino ez dugu aurkituko. Olatzen jatetxeak daude.

Ibilbide hau Zumaiatik Debara doana baino pixka bat gogorragoa da, basoak zeharkatzen baititu. Deban bidea itsasoaren mailan dago, 485 metrora iristen da gero eta Markina-Xemeinen, azkenik, 94 metrora jaisten da.

Bidegurutze asko dagoenez, seinaleei arretaz erreparatu behar zaie, okerreko biderik ez hartzeko. Bidea jarraitu ahal izateko Deba-MarkinaGPS tracka jaitsi dezakezu. GPSaren ibilbidea ikusteko programa hemendik jaitsi dezakezu: Wikiloc(android / iphone), CompeGPS(windows / mac).

Bide zatia:

  • km 0: Deba. Deba ibaiaren ondoko pasealekutik irtengo gara hiribildutik, oinezkoen zubia hartuta. Beste aldera igarotzean, errepidea zebra-bidetik zeharkatu eta gure ezkerretik hasten den porlanezko pista hartuta hasiko gara gora egiten. GR Talaiako marka gorri eta zurien atzetik igoko gara Laranga auzora iritsi arte. Zaldiak dituen landetxe baten albotik igaro ondoren bidegurutze batera iritsiko gara, eta GRak zuzen jarraituko du Mutrikura iritsi arte. Donejakue bideak, aldiz, ezkerrera egiten du, Kalbarioko ermitarantz.
  • km 3,6: Kalbarioa. Ermitaren ondoko iturrian freskatu ondoren, erretegi batetik behera egingo dugu GI-3230 errepiderantz. Errepidea kontu handiz zeharkatu, eta pilotalekurantz abiatuko gara. Bertan, aterpetxe pribatu bat dago. Pista batetik jarraitu eta bihurgune handi bat igaro ondoren, artadi bat zeharkatu behar da Aparaingo bidegurutzera eramango gaituen bide zahar batetik. Bidegurutze horretatik, eskuineranzko seinaleei jarraituko diegu Olatz landagune txikira iritsi arte (taberna dago bertan). Euskal Kostaldeko Geoparkean garrantzitsuenetakoa den gune  karstiko batean gaude.
  • km 6,9: Olatz. Olazko ermita atzean utzi eta eskuinera egingo dugu pista hormigoitu bat hartuta. Handik kilometro batera, pista hori utzi eta beste bat hartuko dugu ezkerrera. Bertatik, igoera luze bat hasten da Gorostola baserriraino. Baserrira iristean, gure ezkerretik abiatzen den baso-pista bat hartuko dugu, eta Arnoate baserrirantz abiatuko gara.
  • km 12,5: Arnoate. Eskuinetik jarraitu aurretik, ikuztegi zahar bat ikusiko dugu gaur egun hesi batez inguratuta dagoen Arnoate baserri handiaren ondoan. Ikuztegi horrek, aterpea eskaintzeaz gain, indarrak berritzeko eta kntinplora betetzeko aukera emango digu. Markina-Xemeinerantz doan bidean, oso eremu basotsu bat zeharkatuko dugu, eta oso baserri gutxi ikusiko ditugu inguruan. Beheranzko azken aldapa handiarekin, gure zangoetako muskulu bikien ahalmenaz jabetuko gara. Futbol-zelaira iritsiko gara, ondoren Barroeta dorrea utziko dugu ezkerrean, eta Arretxinagako San Migel ermitara iritsiko gara.
  • km 23,4: Arretxinaga. Ermitako sarrera errepidearen beste aldean dago, eta irekita egon ohi da. ERmita igaro ondoren, oinezkoen zubi batekin egingo dugu topo probalekuaren ondoan. Erromes batzuek zubia zeharkatzen dute hirigunera berehala iristeko, baina merezi du bide ofizialetik jarraitzea. Urko ibaiaren ondotik jarraituta, Xemeingo elizara eta hilerri neoklasikora iritsiko gara aurki.
  • km 24,2: Markina-Xemein. Markina-Xemeinen ez dago turismo-bulegorik, baina hirigunera iritsi baino lehen, Uhagon Kulturgunea ikusiko dugu ezkerrean. Bertan kafetegi bat eta kultura-programazioa dago, eta informazioa eskatu ahal izango dugu.

Markina Xemein - Ziortza Bolibar (Kolegiata) 6,2 km.

Markina-Xemeindik Ziortza-Bolibarreraino doan bidea erosoagoa da. Bilborantz doan errepidea hartuz, azkeneko etxeetatik 600 metrora, Erdotzako baseliza gotikoa ikusiko dugu eskuinean. 60 metro ibili ondoren, eskuinera desbideratuko gara. Bide horretatik Ziortza-Bolibarrera iritsiko gara. Elizaren ondoan harrizko galtzadatik joko dugu. 1,5 kilometro ibili ondoren, Kolejiatara iritsiko gara. Hauxe da etapa honen amaiera.

Ziortza-Bolibarren ez dago ostaturik eta etapa hasi aurretik Debako Turismo Bulegoan informatzea gomendatzen dizuegu.

Jaitsi ibilbidearen PDF fitxategia

BIZIKLETAZ dabiltzan erromesak: Mendiko bizikleta erabiltzen dutenek GI-638 errepidetik egingo dute Debatik Mutrikurako bidea. Herri honetatik irteterakoan, ezkerreko auzo-errepidea hartu behar dute Olatzera joateko. Olatzen, seinaleztatutako errepidean sartu eta hura jarraituko dute Markina-Xemeinera iritsi arte; herri honetatik Ziortza-Bolibarreraino errepidez joango dira eta hemendik Ziortzako Kolejiatara seinaleztatutako bidetik iritsiko dira.

ZARAUTZ - DEBA

Ibilbidearen zati handi bat XIV. eta XV. mendeetako bideetatik igarotzen da. Hasteko, Getariako norabidea erakusten duen harrizko bideari heldu behar zaio; Zarauzko parrokiako elizatik 150 metro ingurura hasten da, Meagaseko errepidean. Santa Barbara baselizara doan errepide honek aldapa handia du. Goiko aldean oinez ibili ondoren, Getariako sarrerako etxeetaraino iristen den errepidetik jaitsi behar da. Seinaleei jaramon egin eta ezkerrera joko dugu. Askizu auzora igo ondoren, Zumaiara iritsiko gara (9,3km).

Herri honetako alde zaharra zeharkatuz, bideak kanposanturantz egiten du. Ondoren, Elorriagako (Deba) auzotxora iritsiko gara eta gero Itziar herrira (18 km). Itziarrek ostatuak, janari-dendak eta jatetxeak ditu. 16. eta 21. kilometroen artean ere nekazalturismoetan hartu daiteke ostatu.

Elorriagatik Debara beste bidezidor bat ere badago; zailtasun handiagoa du. Baina geologiaren eta paisaiaren aldetik balio handikoa da. Labarren ondotik igarotzen da, itsas ertzetik. Inguru hau Babestutako Biotopo izendatu dute; GR-121aren zatia ere bada (gorriz eta zuriz markatuta dago).

Itziartik (hau da etapa honetako azken zatia eta zatirik errazena) bideak behera egiten du Debaraino, kasu honetan ere itsas ertzetik. Debak era guztietako zerbitzuak eskaintzen ditu; hala ere, aldez aurretik Turismo Bulegoarekin harremanetan jartzea aholkatzen dizuegu. Seinaleztatuko bidetik joatea gomendatzen dugu eta ez errepidetik, oso arriskutsua baita eta 2 km luzeagoa.

Jaitsi ibilbidearen PDF fitxategia

BIZKLETAZ dabiltzan erromesak: Mendiko bizikletaz doazen erromesek N-634 errepidetik egingo dute Zarauztik Getariarainoko bidea. Getariatik kilometro batera Askizuko errepidea hartuko dute, ezkerrera, arestian deskribatu dugun bidera iristeko. Zumaia eta Itziar artean N-634 hartzea komeni da. Itziar eta Deba artean seinaleztatutako bidetik jarraitu daiteke. Izan ere, zorua porlanezkoa da eta aldapak behera egiten du. Errepideko bizikletaz dabiltzanek beti erabili beharko dute N-634 errepidea.

ATERPETXEKO ARAUAK

  • Santiago Bidea oinez, bizikletaz edo zaldiz egiten duten erromesentzako soilik.
  • Oinez datozen erromesek lehentasuna dute, bizikletaz datozenak 18:00etatik aurrera sartu ahal izango dira aterpetxera lekurik gelditzen bada.Txirrinduak ezin dira aterpetxe barrura sartu, gordetzeko tokia dago eta giltza arduradunari eskatu behar zaio.
  • Kredentziala aurkeztu beharko duzu, aurreko etapetako zigiluak eskatuko dira toki eta egunen sekuentzia jarraia egiaztatzeko.
  • Gau batez bakarrik egin ahal izango duzu lo.
  • Aterpetxean 12:00etatik aurrera sartu ahal izango zara eta biharamunean 08:30 baino lehen utzi behar duzu ostatua.
  • Aterpetxe barruan ezin da ez jan ez edan eta debekatuta dago aterpetxe barruan erretzea.
  • Ur beroa termo elektriko batek sortzen du, ez luzatu dutxa, zure atzetik datozen erromesak ur berorik gabe utz ditzakezu. Dutxatu ondoren lehortu mesedez lurrera isuritako ura.
  • Ostatuko giltza emango dizugu zuk zeuk erabil dezazun; ez iezaiozu beste inori eman. Joan aurretik utzi giltza ahaztu gabe ate ondoko otarrean.
  • Zaindu itzazu instalazioak, laga itzazu aurkitu nahiko zenituzkeen bezala. Zikinduz gero, garbitu.
  • Ezin dira animaliak ostatu barrura sartu, pertsona itsuen txakur laguntzaileak izan ezik
  • Hamar t’erdietatik aurrera isiltasuna gorde behar da. Gainontzeko erromesek atseden hartu nahi dute.
  • Aterpetxeko arduraduna ez da egun osoan bertan egoten. Zerbait galdetu nahi baduzu, zoaz Turismo Bulegora.
  • Aterpetxeko arduradunak eskuzabalki dihardu. Saiatu zaitez bere lana ez oztopatzen. Aterpetxeko azken erabakiak arduradunaren esku daude eta uneoro aterpetxearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

TALDEAK ETA ADIN TXIKIKOAK

Taldeak: bakarka datozen erromesek lehentasuna izango dute beti eta ez da taldeentzako tokirik emango arratsaldeko 19:00ak arte.

Adin txikikoak: Adintxikiko erromesak beti nagusi batekin etorri beharko dira, adintxiki bakoitzeko nagusi bat egotea beharrezkoa da bere gurasoa edo familikoa ez bada.