I. eskultura sariketa

 

Helburuak

Partehartzaileak

Baldintza teknikoak

Izen-ematea, tokia eta aurkezpen epea

Aurkeztu beharrezko dokumentazioa

Epaimahaia

Faseak

Konpentsazio ekonomikoak

Beste xedapen batzuk

 

Eskultura sariketako oinarriak osorik ikusi nahi badituzu, egin klik hemen

Helburuak

Debako Udalak I. eskultura sariketa antolatu du 2018. urterako, arte garaikidea sustatu eta sortzaileei parte hartzeko aukerak emateko helburuarekin.

Bide batez, espazio publikoen itxura hobetu nahi da, erakargarriago egin eta herritarren ohitura osasungarriak sustatzeko, artisten lanari euskarri bat eskainiz eta kultur harreman eta jarduerei bide emanez.

Partehartzaileak

16 urtetik gorako guztiei zabaltzen zaie deialdia, eta indibidualki edo taldean parte hartu ahalko dute. Partehartzaile edo talde bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du sariketara. Aurkeztutako lanak hirugarren batzuek izan ditzaketen eskubideetatik libre egon beharko dira, eta Debako Udalak ez du inolako erantzukizunik edukiko baldintza horiek ez betetzeagatik sor litezkeen auzi edo eztabaidetan.

Kokapena

Eskultura eremu zehatz batean kokatzeko izango da; Debako eskoilera bukaeran kokatzeko, hain zuzen ere. Eremuaren argazkiak atxikituta doaz.

Eskoilera 2

Eskoilera 3 Eskoilera 4
Eskoilera kokapena

Baldintza teknikoak

Proiektuak originalak eta argitaratu gabeak izango dira, beste lehiaketa edo sariketa batean hautatu edo saritu gabeak; eta ezingo dira izan egindako edo egiten ari diren beste lan baten ez erreprodukzio oso, ezta partzial ere.

Gaia librea izango da. Teknika eta neurriak ere libreak izango dira, baina bereziki kontuan hartuko da artelanak kokalekuarekiko duen egokitasuna; kasu honetan, Debako eskoilerako pasealeku muturra.

Eskultura lana espazio ireki batean kokatuko denez, epaimahaiak kontuan izango ditu ingurua eta lanaren neurrien arteko proportzionaltasuna eta eskultura egiteko erabiliko diren materialak.

Izen-ematea, tokia eta aurkezpen epea

Interesatuek izen-emate orria bete beharko dute parte hartu ahal izateko. Orri hori, aurrerago zehazten den dokumentazioarekin batera, udaletxera bidali beharko da (DEBAKO UDALA, Portu kalea 1, 20820 DEBA), astelehenetik ostiralera, 9:00-14:00 bitartean. Posta zertifikatu bitartez ere bidal daiteke, hartu izanaren agiria eginez gero posta zerbitzuan. Halakoetan korreo elektronikora (artxiboa@deba.eus) bidali beharko da, epe barruan, dokumentazioa aurkeztu izanaren frogagiri hori.

Proiektuak aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 25ean, ostirala, eguerdiko 14:00etan amaituko da. Entrega edo itzultze kontuetarako sor litezkeen garraio-gastuak edota bestelakoak partehartzailearen esku geldituko dira. Udalak ez du bere gain hartuko artelanen manipulazioan gerta daitekeen kalte edo galerarik. Behin proiektuak aurkezteko epea amaitutakoan, bidalitako lanen akta jasoko da eta Debako udaletxeko web orrian argitaratuko da: www.deba.eus.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Ineteresatuek izen-emate orriarekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

  1. Sobre itxi bat. Kanpoaldean proiektuaren izena besterik ez, eta barruan honako dokumentazioa:
    • Izen-emate orria behar bezala beteta.
    • Partehartzailearen edo, bere kasuan, taldeko kide bakoitzaren NANaren fotokopia.
    • Lanaren exekuziorako aurrekontua. Koste osoa ez da 6.000 eurotik igoko.
    • Egilearen edo egileen ibilbide artistikoaren laburpena.
    • Proiektuaren deskribapen memoria: erabiliko diren materialak, bukaerak eta exekuzio prozesua zehaztuz.
    • Artisten zinpeko deklarazioa, aurkeztutako lana originala eta argitaratu gabea dela ziurtatzen duena.
    • Lana exekutatzeko konpromisoa, aurkeztutako proiektua irabazle suertatuko balitz.
  2. Proiektuaren maketa, gehienez ere, 50 x 50 x 50 cm tamainakoa; soilik proiektuaren izena (lehen aipatutako gutunazalean idatzitako berbera) agertzen den paketatzean aurkeztuko da. Maketarekin batera honako hauek:
    • Bukaerako artelanaren neurriak, planoak, perspektibak, bozetoak eta fotomuntatzea.
    • Argazkiak .jpg edo .pdf formatuan eta, gehienez ere, 150 pppko erresoluzioarekin (teknika, neurriak, e.a.).
    • Epaimahaiak artelana hobeto ulertzeko, egileek beharrezkotzat jotzen dituzten deskribapen datuak.

Izaera pertsonalen datu babeserako 15/1999 Lege organikoak, abenduaren 13 koak, xedatutakoaren arabera egingo da datu pertsonalen trataera.

Epaimahaia

Arte munduko profesionalek, kultura zinegotziak eta Haitz-haundi elkarte artistikoko kide batek osatuko dute epaimahaia.

Kalitate artistikoa, originaltasuna eta oinarrietan bildutako betebeharrekiko egokitzapena izango dira proposamen irabazleak aukeratzeko epaimahaiak erabiliko dituen irizpideak.

Gaia librea izango da, artista bakoitzaren ikuspegi pertsonalaren araberakoa; gainera, aurkezten duen gaiarekiko ikuspegi baikorra adierazi behar du.

Deialditik kanporatuta geldituko dira:

  1. Genero bortizkeriaren edo edozein motatako biolentziaren apologia egiten duten bozetoak; baita eduki politikoa, arrazista, sexista, xenofoboa… dutenak ere.
  2. Beste artista batzuen lanen plagioak.
  3. Beste lehiaketa edo sariketetan saritutako lanak.

Dena dela, epaimahaiak hutsik laga ahal izango du sariketa, aurkeztutako proposamenek baldintza egokirik ez dutela betetzen uste badu. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta hark oinarrietan aurreikusi gabeko edozein gertaera erabakitzeko ahalmena izango du.

Faseak

Sariketak bi fase izango ditu:

a) Hautaketa fasea: aurkeztutako bozetoetatik berritzaileenak, esanguratsuenak eta espresio handiena dutenak aukeratuko ditu epaimahaiak, sormen, originaltasun eta kalitate irizpideei jarraiki. Hamar pertsona edo talderen lanak aukeratu ahal izango ditu gehienez ere, eta horiek izango dira finalera pasako direnak.

2018ko ekainaren 1ean aukeratuen zerrenda argitaratuko da Debako Udalaren webgunean: www.deba.eus.

b) Finaleko fasea: irabazlea herritarren bozketa bidez aukeratuko da, eta besteak erreserban geratuko dira. Bi modu egongo dira bozketarako. Bata, presentziala: Udalak Agirre jauregiko erakusketa gelan ipiniko ditu lanak 2018ko ekainaren 8, 9 eta 10ean zuzenean bozkatu ahal izateko. Bestea, online: 2018ko ekainaren 8tik 15era bitartean Debako Udalaren web orriaren bidez.

Konpentsazio ekonomikoak

2018ko ekainaren 22an argitaratuko da irabazlearen izena eta zuzenean 4.000 €-ko ordaina jasoko du.

Garraio edota ostatu gastuak ez dira antolatzaileen kontura izango.

Proiektu irabazleak gehienez 3 hilabeteko epea izango du artelana gauzatzeko (amaitutako lanak aurkeztutako bozetoarekin bat etorri beharko du).

Behin lana eginda, zuzen exekutatuta eta amaituta dagoela ziurtatuko du epaimahaiak, eta orduan jasoko ditu irabazleak gainontzeko 2.000 euroak.

Beste xedapen batzuk

Proiektua egiterakoan segurtasunari dagokionez indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoa hartzen dute partehartzaileek. Antolakuntza ez da horiek ez betetzeagatik sor litezkeen ondorioen erantzule izango. Sariketa honetan parte hartzeak oinarri hauek guztiak onartzen direla esan nahi du.