I. Mural / Grafiti sariketa

 

 Helburuak

 Izen-ematea eta aurkezteko epea

 Aurkeztu beharreko dokumentazioa

 Epaimahaia

 Faseak

 Irabazleen lanak gauzatzea

 Ordainketak

 Beste xedapen batzuk

 

 

 

Mural / grafiti sariketako oinarriak osorik ikusi nahi badituzu, egin klik hemen

Helburuak

Debako Udalak I. mural/grafiti sariketa antolatu du arte garaikidea sustatzeko eta mural, grafiti, urbanart, streetart... sortzaileei paneletan esku hartzeko aukera emateko.

Bestalde, espazio publikoen itxura hobetu nahi da eta erakargarriago egin, bide batez, artisten lanari euskarri bat eskainiz eta harreman eta kultur jarduerei bide emanez.

Izen-ematea, tokia eta aurkezteko epea

16 urtetik goragoko guztiei zabaltzen zaie deialdia, eta indibidualki edo taldean (crew modura) parte hartu ahalko dute.

Interesatuek izen-emate orria bete beharko dute parte hartu ahal izateko. Orri hori, aurrerago zehazten den dokumentazioarekin batera, udaletxera bidali beharko da (DEBAKO UDALA-Portu kalea 1, 20820 DEBA) edo web orriaren bitartez (www.deba.eus) helarazi beharko da.

Horretarako epea 2017ko ekainaren 16an, ostirala, eguerdiko 14:00etan, amaituko da.

Sariketako jendaurreko ekitaldia 2017ko uztailaren 16an, igandea, ospatuko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

  1. Egin nahi den proiektuaren bozetoa (teknika, neurriak, e.a.), A3 tamainan, .jpg edo .pdf formatuan eta, gehienez ere, 150ppp-ko erresoluzioarekin. Gaia librea izango da, artista bakoitzaren ikuspegi pertsonalaren araberakoa (baina Debako historiarekin, paisajearekin, ohiturekin,… lotutakoak baloratuko dira).
  2. Partehartzaileek edo taldeek lehendik eginda dauzkaten muralen/grafitien/lanen argazkiak; gutxienez, hirurenak.
  3. Parte hartzailearen edo, bere kasuan, taldeko kide bakoitzaren NANaren fotokopia.
  4. Debako Udalari zuzendutako agiria, sariketara aurkeztutako obrak osorik edo partzialki argitaratzeko, erreproduzitzeko edo zabaltzeko baimena emanez eta hortik eratorritako edozein motatako erreklamaziori berariaz uko eginez, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak (Jabetza Intelektualaren gaineko Legearen testu bategina onartzen duenak) agindutako terminoetan, egileak edo taldearen ordezkariak sinatua.
  5. Debako Udalari zuzendutako agiria, aurkeztutako lanak sariketaren finaleko fasean edo egoki iritzitako beste edozein erakusketatan erakusteko baimena emanez, egileak edo taldearen ordezkariak sinatua.
  6. Artisten zinpeko deklarazioa, aurkeztutako lana originala eta argitaratu gabea dela ziurtatzen duena.

Datu pertsonalen trataera izaera pertsonalen datu babeserako 15/1999 Lege organikoak, abenduaren 13koak, xedatutakoaren arabera egingo da.

Epaimahaia

Arte munduko profesionalek, Kultura zinegotziak, Debako Turismo teknikariak, Haitz Haundi elkarte artistikoko kide batek eta Arte eskolako zuzendariak osatuko dute epaimahaia.

Kalitate artistikoa, originaltasuna eta onarrietan bildutako betebeharrekiko egokitzapena izango dira irabazleak aukeratzeko epaimahaiak erabiliko dituen irizpideak.

Deialditik kanporatuta geratuko dira:

1. Genero bortizkeriaren edo edozein motatako biolentziaren apologia egiten duten bozetoak; baita eduki politikoa, arrazista, sexista, xenofoboa… dutenak ere.

2. Beste artista batzuen lanen plagioak.

3. Beste lehiaketa edo sariketetan saritutako lanak.

Dena dela, epaimahaiak hutsik laga ahal izango ditu sariak, aurkeztutako proposamenek baldintza egokirik ez dutela betetzen uste badu.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da eta, hark, oinarrietan aurreikusi gabeko edozein gertaera erabakitzeko ahalmena izango du.

Faseak

Sariketak bi fase izango ditu:

a) Hautaketa fasea: aurkeztutako bozetoetatik berritzaileenak, esanguratsuenak eta espresio artistiko handiena dutenak aukeratuko ditu epaimahaiak, sormen, originaltasun eta kalitate irizpideei jarraiki. Hamar pertsona edo talderen lanak aukeratu ahal izango ditu gehienez ere eta horiek izango dira finalera pasako direnak.

2017ko ekainaren 16an aukeratuen zerrenda argitaratuko da udalaren webgunean.

b) Finaleko fasea: 4 finalistak herritarren bozketa bidez aukeratuko dira eta besteak erreserban geratuko. Bi modu egongo dira bozketarako. Bata presentziala: udalak Agirre jauregiko erakusketa gelan ipiniko ditu lanak 2017ko ekainaren 23, 24 eta 25ean zuzenean bozkatu ahal izateko. On line bidez bestea: ekainaren 23tik 30era bitartean Debako udalaren web orriaren bidez.

Irabazleen lanak gauzatzea

Udalak jendaurreko ekitaldia antolatuko du aukeratutako pertsona edo taldeek euren lanak gauza ditzaten. Horretarako, 3,60 x 2,40 m.inguruko panelak jarriko dizkie eskura. Egileek, eurek aurkeztutako bozetora lerratu beharko dute; lana ere bozetoa aurkeztu zuten pertsonek edo taldeek egin beharko dute.

Muralak egiteko materiala (margoak, espraiak, eskilarak, e.a.) partaideek ekarri beharko dute; udalak 150€ emango dizkie beharrezkoa eros dezaten.

Ordainketak

Ekitaldia Deban burutuko da 2017ko uztailaren 16an. Partaideek ez dute ordainik jasoko etortze hutsagatik. Desplazamendu, ostatu, edo horrelako gasturik ez du antolakuntzak bere gain hartuko

Hautatutako proposamenak goizeko 9etatik arratsaldeko 7etara bitartean gauzatu beharko dira eta, lehen esan bezala, aurkeztutako bozeto originalarekin bat etorri beharko dute.

Behin amaitutakoan lana zuzen exekutatu eta amaitu dela ziurtatuko du epaimahaiak eta artistak edo artistek 1.000 euroko ordaina jasoko du(te).

Beste xedapen batzuk

Antolakuntzak bere gain hartuko du artistentzako jatordu bat.

Parte hartzaileek, bestalde, segurtasun kontuetan indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoa hartzen dute, maskarak erabiliz e.a. Antolakuntza ez da horiek ez betetzeagatik sor litezkeen ondorioen erantzule izango.

Sariketa honetan parte hartzeak, oinarri hauek guztiak onartzen direla esan nahi du.