Datorren maiatzaren 4an, bueltan izango da Debako Merkatu Txikia

2024ko maiatzaren 2aDatorren maiatzaren 4an, bueltan izango da Debako Merkatu Txikia

9:00-13:30 bitartean egingo da, estalitako pasealekuan eta bertako produktuak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Oraingoan parte hartuko dute: Donienek (barazkiak), Kortaberrik (barazkiak), Zortzikok (eztia) eta Berbelarrek (gazta). Bertako produktuei lotuta eta Merkataritza Indartzeko Plan Bereziaren baitan jasota, datozen hilabeteotan Debako babarrunak salgai egongo dira Turismo Bulegoan, bisitarien artean tokiko merkataritza eta KM0 produktuak sustatzeko.

Larunbatean, maiatzak 4, bueltan izango da berriro Debako Merkatu Txikia, bertako merkatari eta ekoizleen produktuak jasotzen dituen merkatua, alegia.

Larunbatean hasita, urte bukaera bitarte, hileko lehen larunbatean ospatuko da Merkatu Txikia, 09:00etatik 13:30ar arte, estalitako pasealekuan. Musikaz girotuta egongo da beti, eta bertaratzen direnek tokiko produktuak erosteko aukera izango dute.

Larunbateko Merkatu Txikian, hain zuzen, Donienek (barazkiak), Kortaberrik (barazkiak), Zortzikok (eztia) eta Berbelarrek (gazta) hartuko dute parte. Aurtengoan, gainera, mantel berri bana banatu dio Debako Udalak ekoizle bakoitzari, baita mahaian ekoizlearen edo baserriaren izena adierazteko kartel bana ere.

Ekimen honen bitartez, helburua da bertako produktuen salmenta sustatu eta ekoizleen lana balioan jarri eta indartzea, debarren zein bisitarien artean.

Debako babarrunak Turismo Bulegoan salgai

Eta hain zuzen helburu horri helduta eta Merkataritza Indartzeko Plan Berezian jasotakoari jarraiki, Debako babarrunak salgai egongo dira datozen hilabeteotan Turismo Bulegoan, bisitarien artean tokiko merkataritza eta KM0 produktuak sustatzeko eta, bereziki, herrian ekoizten diren produktuak balioan jartzeko.

Hala, babarrun kilo erdiak 9€ko kostua izango du eta horiek egiteko errezetaz lagundurik salduko dira.