Zabalik dago Lasturko kanalaren inguruko historia eta ingurumen-azterketarako beka deialdia

2024ko apirilaren 30aZabalik dago Lasturko kanalaren inguruko historia eta ingurumen-azterketarako beka deialdia

Bekaren bidez, Lasturko kanalari buruzko azterlan bat osatu nahi da, hainbat ikuspegitatik: historikoa, energetikoa, naturala, kulturala, etnografikoa, geologikoa eta hidrologikoa, besteak beste. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik, eta interesdunek Udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute beren proposamena.

Debako Udalak, Itziarko Auzo Udalarekin lankidetzan, berriki zabaldu du Lasturko kanalarekin lotutako historia eta ingurumen-azterketarako bekarako eskabideak aurkezteko epea.


Diziplina anitzeko azterlan honek kanalaren alderdi historiko, energetiko, natural, kultural, etnografiko, geologiko eta hidrologikoetan sakontzea du helburu, ibilbidea Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearen geoibilbide interpretatua bilakatzeko.

Bekak 6 hilabeteko iraupena izango du eta horren zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da. Deialdia norbanakoek zein horretarako osatutako lan taldeek jaso ahal izango dute. Azterlana euskaraz egin beharko da; hala, eskatzaileek bete beharreko baldintzen artean, euskarako C1 titulua eta unibertsitate ikasketak izatea nagusitzen dira.

Eskaeren aurkezpena

Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik, eta interesdunek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte proposamenak, Udalaren erregistro elektronikoaren bidez. Aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean, besteak beste, ikerketa-eremua, helburuak, metodologia eta aurreikusitako kronograma jasoko dituen proiektu-proposamena eskatzen da. Esleipena proposamenen merezimenduaren eta kalitatearen arabera egingo da, berdintasun- eta gardentasun-printzipioak betetzen direla ziurtatuz.


Deialdi honek Debako Udalak bere ondarearen kontserbazioarekin eta balorizazioarekin duen konpromisoa islatzeaz gain, tokiko ikerketa eta eskualdeko garapen kultural eta turistikoa indartzen ditu.

Beka deialdiaren oinarri guztiak ikusgai hemen