2.330.891€-KOA DA UDALAREN DIRUZAINTZA SOBERAKINA

2018ko otsailaren 21a2.330.891€-KOA DA UDALAREN DIRUZAINTZA SOBERAKINA

Udalaren zor bizia %16,90ekoa da (1.316.751 €), Debaren tamainako lurralde historikoko beste herrien azpi-azpitik, izan ere Gipuzkoako herrien batez bestekoa %28koa da.

Behin 2017 ekitaldiko kontuen kitapena eginda, Debako Udalaren ohiko sarrera eta gastuen arteko aldea 2.330.891€-koa da. Aurrekontuaren %92 exekutatu da, inbertsio errealak 316.000€-koak izan dira eta kredituen txertaketak 506.000€.

Ohiko sarrerek garrantzi nabarmena izan dute udalaren finantzen orekan. % 110eko exekuzio maila lortu dute, alde batetik udal finantzaketarako foru funtsengatik eta bestetik Udalak berak hartutako neurri fiskalei esker, besteak beste, katastroarekin eta hutsik dauden etxe bizitzei jarritako zergekin (OHZ) erlazionatutakoak.

Udal gobernuak legealdi honetarako duen inbertsio estrategikoen plana aktibatzeko egoera ekonomikoa ezin hobea da. Nabarmentzekoak dira hilerria lekuz aldatzea, eguneko zentroa eta bere sarbidea egokitu eta hobetzea, Angulero kalea urbanizatzea, Kultur Etxea, hondartzako pasealekuaren proiektua, itsasadarreko proiektua eta abar. Guztira, 2 milioi euro inguru.

Bestalde, 2018 ekitaldirako aurrekontua datorren otsailaren 27ko Osoko Bilkuran aurkeztuko da, bere onespenerako.