2012-2013 ikasturtean euskara ikasi edo UEUko ikastaroetan parte hartu duten debarrentzat dirulaguntzak. Bestalde, Udal euskaltegietako matrikulazio epea zabalik dago.

2013ko irailaren 12a2012-2013 ikasturtean euskara ikasi edo UEUko ikastaroetan parte hartu duten debarrentzat dirulaguntzak. Bestalde, Udal euskaltegietako matrikulazio epea zabalik dago.

Debako Udalak dirulaguntzak banatuko ditu herritarren artean euskara ikasteak edo UEUko ikastaroetan parte hartzeak suposatzen duen gastua neurri batean arintzeko. Dirulaguntzok, langabezian daudenei edota 18 eta 25 urte artean dituzten ikasleei banatuko zaizkie, betiere, egin dituzten ikasketa motak herriko Udal Euskaltegian egiterik izan ez badituzte (talderik ez, mailarik ez, eskola erritmo ezberdinak...).

Laguntza jasotzeko baldintzak:

 -          Maila gainditu izana.

-          EGAren kasuan, gainditu ezean, irakaslearen aldeko txostena.

-          %85eko asistentzia ikastaro normaletan; barnetegietan, %100.

-          UEUko ikastaroetan %100eko asistentzia.

-          2012ko irailetik 2013ko irailera bitartean egindako ikastaroa izatea.

-          Eskaera orrian zehaztutako agiri guztiak aurkeztea.

         Dirulaguntza eskaera eta agiri horiek guztiak irailaren 23tik urriaren 4ra aurkeztu beharko dira Debako Udaletxeko Sarrera Erregistroan.

Bestalde, DEBABE Elgoibar, Deba eta Mutrikuko Udal Euskaltegien Mankomunitateak izena emateko epea zabaldu du 2013-2014 ikasturterako. Udal Euskaltegion aurtengo kanpainaren leloa honakoa da: Emaiozu euskarari |  Dale al euskera |. Txarteletan “intro” tekla handi bat agertzen da euskara hitza duela. Leloak ekintzaren, sakatzearen zentzua du, batetik, eta, bestetik, euskara ikastera eta euskararen munduan murgiltzera animatu nahi ditu herritarrak.

Urtero bezala, eskolak Ifar kaleko euskaltegian izango dira. Maila guztiak emango dira: 1, 2, 3 eta 4. Horrez gain, ikastaro bereziak ere eskainiko dira: AISA ikastaroa, etorkinentzat; merkatari eta ostalarientzako ikastaroak; gurasoentzako ikastaroak... Klaseak, berriz, goizean, arratsaldean eta gauean izango dira. Horrez gain, autoikaskuntza ere eskainiko da, BOGA programaren bidez.

Ikastaroak HABEk eta Debako Udalak diruz lagundutakoak dira, eta prezio bereziak daude langabetu, guraso, ikasle eta jubilatuentzat.

Debako euskaltegiak, ikasgelez gain, ordenagailu-gela, material didaktiko ugari eta liburutegia ere baditu ikasleen eskura.Gainera, eskolez aparte, euskaltegian hainbat ekintza antolatzen dira ikasleek euskara erabiltzeko: lehiaketak, kultur ekitaldiak, afariak, irteerak...

Azpimarratzekoa da, gainera, euskaltegietako azterketen bidez, 1., 2., 3. eta 4. mailako agiri ofizialak lor daitezkeela. Agiri horiek Hezkuntza, Osakidetza eta IVAPeko perfilen eta EGAren baliokideak dira.

Informazio eta matrikularako jo euskaltegira, irailaren 27a baino lehen.Ordutegia:10:00-12:30/17:00-19:30. Telefonoa: 943 192236

E-posta: debabe.deba@telefonica.net.

Web-orria: www.udaleuskaltegiak.net