Abenduaren 26tik 29ra Animadeba animazio zinemaldia izango dugu Deban

2018ko abenduaren 19aAbenduaren 26tik 29ra Animadeba animazio zinemaldia izango dugu Deban

Udalak hamaikagarrenez antolatu du animazio zinemaldia herrian, eta beste behin, lau eguneko egitarau zabala prestatu du haur, gazte zein helduentzat.

Debako Udalak Animadeba animazio zinemaldiaren XI. edizioa prestatu du aurten. Ekimenaren helburua da heldu nahiz haurren artean animazioa sustatzea eta mundu horri lotuta dauden beste zenbait diziplina balioan jartzea. Zinemaldiari abenduaren 26an emango zaio hasiera, eta lau egunez luzatuko da, hilaren 29ra bitarte.

Lehenengo edizioetan, Agirre jauregiko ispiluen gela zen zinemaldiaren eszenatoki nagusia. Iaz, ordea, Kultur Elkarteko areto nagusia erabili zen, lehen aldiz, Animadebako ekitaldietarako nahiz filmak proiektatzeko. 2018ko edizioan ere halaxe egingo da.

Aurtengo egitarauaren barnean, urtero izan ohi ditugun ekintzez gain (film luze eta laburren proiekzioak, gortina lehiaketako sari banaketa...) puppet workshopa da nabarmentzekoa. Naiara Gallego eta Sergio Martinezen eskutik, 13 urtetik gorakoei zuzendutako Stop Motion ikastaroa. Bertaratzen direnek Stop Motion teknikaz animatzeko erabiliko den panpina eraikitzeko trikimailuak ezagutuko dituzte. Tailerra Kultur elkarteko liburutegian egingo da, ostegun goizean; baina parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurrez turismo bulegoan.

Egitaraua osorik ikusteko, klikatu hemen