Aho batez onartu ditu udalbatzak ekaineko ohiko osoko bilkuran landutako gaiak

2021ko ekainaren 25aAho batez onartu ditu udalbatzak ekaineko ohiko osoko bilkuran landutako gaiak

Ekainaren 24an egin du Debako udalbatzak ohiko osoko bilkura. Bertan landu eta bozkatu diren gaiak aho batez onartu dira. Hala, 'Gaztematika' Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sareari atxiki zaio Debako Udala. Bestetik, astelehenean, hilaren 28an egingo den LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala onartu du.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Haur eta Gazteen Sustapenerako Erakunde arteko Sareari, Gaztematikari, atxikitzea onartu udalbatzak. 

Sustapenaren bitarteko nagusia hezkuntza ez-formala da. Adin horietan erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte eta, beraz, aukera eraginkorrak eman eta baliabide nahikoaz hornitu behar ditugu: aisia hezitzaileaz eta jolasaz baliatzen gara beren ibilbidean aurrera egiteko behar dituzten oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzeko. Eta, aldi berean, ingurunearekin, berdintasunarekin, komunitatearekin, gizartearekin konpromisoa duten herritarrak hezten ari gara” dio Gaztematika zer den azaltzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren dokumentuak. 

Hitzarmena sinatuta, hainbat konpromiso hartu ditu Udalak. Besteak beste, haur eta gazteen sustapenerako programak, prestakuntza, mintegiak, topaketak, jarduera hezitzaileak proposatzea. Edota gazteen sustapena errazteko gida metodologikoak edo bestelako tresnak sortzea. Sarera atxikituta, sarea osatzen duten kideekin lankidetzan arituko da Udala, eta sarea osatzen duten entitate desberdinen onurak jasoko ditu. 

Gainontzeko gaiak ere aho batez onartu ditu udalbatzak. Gizarte zerbitzuen arloko elkarteei diru-laguntzak emateko oinarriak onartu ditu; LGTBI harrotasunaren Nazioarteko Egunari buruzko Adierazpen Instituzionala ere adostu da. Eta 2022ko abuztuaren 16a, San Roke, tokian-tokiko jai eguna izatea ere adostu du udalbatzak.