Asteburuan emango dio hasiera Debak hondartza denboraldiari

2026ko ekainaren 9aAsteburuan emango dio hasiera Debak hondartza denboraldiari

Debako Udalak herritarrek eta bisitariek gozatzeko ohiko zerbitzuak eskainiko ditu: toldoak, dutxak, sorospen zerbitzua, bainu egokituak, izozkietako etxolak, aldagelak… Era berean, horiek guztiak modu egokian erabiltzeko hondartzen erabilera arau nagusiak gogorarazi ditu. Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren harira, Aldundiak kostaldeko hondartzetako funtsezko zerbitzuen kostuen zati handi bat hartuko ditu bere gain, eta horri esker, Deba bezalako udalerriek aurrezpen ekonomiko nabarmena izango dute.

Atzo, ekainaren 8an, hondartza denboraldiari hasiera emateko ekitaldia ospatu zen Orion. Bertan izan ziren Alazne Txurruka alkatea, udalerrietako hainbat alkate eta Jasangarritasuneko diputatua.

Datorren asteburuan, Debak ofizialki inauguratuko du 2026ko hondartza denboraldia, eta udako denboraldia ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean izango da, bertako herritarrek eta bisitariek gozatzeko zerbitzu guztiekin. Urtero bezala, toldoak, dutxak, sorospen zerbitzua, bainu egokituak, izozkietako etxolak eta aldagelak izango dira. Zerbitzu horiek eskaini ahal izateko, Debako Udalak horien lizitazioan lan egin du aurrez, herritarrentzako eta bisitarientzako kalitatezko eskaintza eta zerbitzuak bermatuz. 

Era berean, Santiago eta Lapari hondartzetako erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia eta instalazioen erabilera arduratsua bermatzeko, Debako Udalak hondartzen erabilerari loturiko araudia du indarrean, pertsona guztien ongizatea zaintzea eta ingurune naturala babestea helburu. Horrela, Debako Udalak arau horiek errespetatzeko deia egiten die udalerriko hondartzak erabiltzen dituzten pertsona guztiei, guztien arteko bizikidetza egokia bermatzeko.

Debaren eta Foru Aldundiaren arteko akordioa

Lortutako akordioak, halaber, 2026tik aurrera, sorospen eta zaintza zerbitzuen kudeaketa zentralizatua jasotzen du, Foru Aldundiaren Erosketa Zentroaren bidez eta horri esker, kontratazioa eraginkorragoa eta koordinatuagoa egingo da, Gipuzkoako hondartza guztietako zerbitzuen kalitatea ziurtatuz.

Aldundiak hondartzetako funtsezko zerbitzuen kostuak bere gain hartuko ditu, eta horri esker, Deba bezalako udalerriek aurrezpen ekonomiko nabarmena izango dute. Guztira, 204.403,13 euroko dirulaguntza jasoko du hondartzako zerbitzuak finantzatzeko. 

“Aldundiaren eta Debako Udalaren arteko lankidetzari esker, hondartzako zerbitzuak kalitatezkoak eta egonkorrak izaten jarraitzea bermatzen da, kostua gure udalerriari bakarrik egokitu gabe. Horri esker, baliabide publikoak modu arduratsuan kudeatu ahal izango dira” - adierazi du Alazne Txurruka alkateak.