Badator II. Sorginetxe Big Wave Erronka!

2019ko urtarrilaren 10aBadator II. Sorginetxe Big Wave Erronka!

Euskal Herriko Surf Federazioak bigarrenez antolatu du Euskal Herriko olatu erraldoien txapelketa, eta aurten ere Deban egingo da. Egun bakarreko txapelketa, urtarrilaren 12tik martxoaren 31 bitartean izan daiteke; itsasaldien arabera.

Euskal Herriko olatu erraldoien txapelketa bigarrenez jokatuko da Deban. Euskal Herriko Surf Federazioak II. Sorginetxe Big Wave Erronka antolatu baitu 2019rako.

Txapelketa honen helburu nagusia diziplina honetako euskal surflarien garapena bilatzea da; baita modalitate honetako sailkapen bat burutzea ere. Horrela, sailkapen hori etorkizunean sor daitezkeen hautaketa prozesuetarako balia dezakete. Bestalde, erronka honen bitartez, olatu handietako surflari berriak ezagutzera eman nahi dituzte; eta bide batez, egun ezagunak direnen oihartzuna handitzen lagundu.

Egun bakar bateko txapelketa izango da, eta itxarote epea urtarrilaren 12tik martxoaren 31ra artekoa izango da. Open kategorian 18 surflari arituko dira lehian: herriko Zurrunbilo surf elkartetik 2 surfista (eta bi ordezko), 6 surfista (eta lau ordezko) Gipuzkoako Surf Federazioko olatu handietako komisiotik, beste 6 (gehi lau ordezko) Bizkaiako Surf Federazioko olatu handietako komisiotik eta 4 Wildcard (eta bi ordezko) EHSFtik.

Hiru txanda kanporatzaile izango dira, antolakuntzak modu parekatuan antolatuko dituenak (surflari bakoitzaren ibilbidea kontuan hartuta):

  1. 6 surflariko 3 txanda egin ondoren, txanda bakoitzeko onena finalerako sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan gelditzen direnak, aldiz, bigarren txanda kanporatzailera pasatuko dira (bigarren aukera bat izango dute).

  2. 6 surflariko txanda bakarra egingo da (aurreko txandatako bigarren eta hirugarren klasifikatuekin). Erronda honetako hiru onenak finalera pasatuko dira.

  3. 6 surflariko finala.

Sorginetxe Big Wave Erronkak 50€-ko donazioa banatuko dio parte-hartzaile bakoitzari, eta txapeldunak irabazlearen sariaz gain, 150€ jasoko ditu.