Bere horretan mantenduko dira 2020an zerga gehienak

2019ko urriaren 31aBere horretan mantenduko dira 2020an zerga gehienak

2020rako ordenantza fiskalak izan dituzte aztergai urriaren 30ean egindako osoko bilkuran, besteak beste. Aho batez onartu da apenas aldaketarik egitea datorren urteko zergei dagokionean. Gobernuko kide baten liberazioa onartu da eta Kataluniako egoera salatzeko adierazpen instituzionala ere egin du udalbatzak.

Tasei dagokienean, aldaketa txiki bat egongo da kiroldegiko urteko kuotan; helduena eta familia-kuota bost euro igoko da eta gainontzekoak mantendu egingo dira. Bestetik, TAOari dagokionez, udan Miramarreko aparkalekua bertakoentzat izango da soilik eta doan izango da. Danobateko aparkalekua bideratuko da kanpokoentzat eta eguneko 2,50 euro kobratuko da. 

Aitzitik, zabor bilketaren zergak 3,71ko igoera izango du, Debabarreneko Mankomunitateak hala erabaki duelako. Baserrietakoak, hala ere, mantendu egingo dira. Aho batez onartu dira ordenantza fiskalari dagozkionak. 

Bestetik, aldeko 9 botoekin (EH Bildu eta EAJ-PNV) eta kontrako 4 botoekin (Debarren Ahotsa) onartu da jardunaldi osoko liberazioa gobernu taldean. Ahalik eta ondoen lan egiteko eta debarrei zerbitzurik onena eskaintzeko, beharrezko ikusi da, gutxienez inbertsio hori egitea. Alkateorde lanak beteko ditu, alkatea ordezkatuz hau bulegoan ez dagoenean. Bestetik, prozesu desegokiagatik, berregin edo berrikusi behar diren proiektuak kudeatuko ditu: hilerria, RPTa, LEPa, iraungitako kontratazio eta hitzarmenak, udaltzaingoarekin koordinazioa, brigadarekin koordinazioa …

Batzordeen lehendakaritza, eta horrek dakarren koordinazio, jarraipen eta aurre-lanketa egingo du. Zinegotziekin koordinazioa ere bere esku egongo da. Administrazioa (udala) eguneratzeko lanketa koordinatuko du eta udal komunikazioa ere bere ardurapean egongo da. 

Proiektu berriak ere bideratuko ditu. Zerbitzuak hobetzeko ekimenak garatzeaz gain, tren eta autobus geltokien berrantolaketa bideratuko du, plan orokorra koordinatuko du, II. Berdintasun plana egingo dela bermatuko du, hotelaren proiektua eta adinekoei zuzendutako zentroaren lanak ere biderako ditu. Urtean 31.404 euro bideratuko dira horretarako. 

Kataluniako gertakariak salatzeko eta haiei elkartasuna adierazteko adierazpen instituzionala onartu zen, gehiengoz. Aldeko 11 boto (EH Bildu, EAJ-PNV eta DAko bi) eta bi abstentziorekin (DAko bi).