Bizi-bizi programa
2026ko irailaren 30a- Programa berri honek adineko pertsonen sozializazioa, autonomia eta ongizatea sustatuko ditu
Debako Udalak, Gizarte Zerbitzuen arloaren bitartez eta Bizitzen Fundazioarekin elkarlanean, Bizi-bizi, bizitasunez bizi programa jarriko du martxan 2026ko urrian. Ekimen honen helburua da 50 urtetik gorako pertsonei topagune eta laguntza-gune bat eskaintzea, bereziki hauskor egoeran, zaurgarritasun egoeran, nahi gabeko bakardade egoeran edo autonomia galtzeko arriskuan daudenei zuzenduta.
Bizi-bizi sozializazio eta errehabilitazio gune aktibo gisa planteatzen da, eta parte-hartzaileen gaitasun pertsonalak mantentzeko eta indartzeko jarduerak eskainiko ditu. Taldeko dinamiken bidez, hainbat arlo landuko dira, hala nola estimulazio kognitiboa, psikomotrizitatea, jarduera ludikoak eta ongizate fisiko, emozional eta soziala sustatzeko bestelako proposamenak.
Programa Debako Musika Eskolan, Ispiluak gelan, garatuko da, astearte eta ostiraletan, 10:30etik 13:30era. Parte-hartzea doakoa izango da, eta jarduerak urrian hasiko dira.
50 urtetik gorako pertsonak eta haien familiak ez ezik, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileek, I. graduko mendekotasuna duten edo balorazio prozesuan dauden pertsonek, baita gaixotasun kronikoak edo narriadura kognitibo hasiberria duten pertsonek ere, baliatu ahal izango dute programa hau.
Parte hartu nahi duten pertsonek informazioa eskatu eta izena emateko aukera izango dute Bizitzen Fundazioaren zerbitzuaren koordinazioarekin harremanetan jarrita:
📞 609 33 59 50
✉️ nerea@bizitzen.org
Bizi-bizi, bizitasunez bizi programa martxan jarriz, Debako Udalak adineko pertsonen ongizatearekiko konpromisoa indartzen du, haien autonomia, parte-hartzea eta bizi-kalitatea sustatuko dituzten komunitate-baliabideak bultzatuz.