Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea datorren asteartean irekiko da

2019ko abuztuaren 27aDeba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea datorren asteartean irekiko da

Lau hilabetez erabat itxita egon ondoren, datorren asteartean irekiko dute Deba eta Mutriku kostatik lotzen dituen GI-638 errepidea. Hala ere, obrak amaitu bitartean, erreietako bat egunez eta aldizka itxi egingo da, eta beraz, ibilgailuek beste erreia erabiliko dute txandaka.

GI-638 errepidea hobetzeko eta oinezkoentzat pasealeku bat egiteko proiektuko obrak aurreikusitakoaren arabera garatu dira azken lau hilabete hauetan. Horretarako, GI-638 errepidea erabat itxita egon da, baina ez da beharrezkoa izango errepide mozketa hori hasieran aurreikusitako epeaz haratago luzatzea. 

Horrenbestez, errepidea 2019ko irailaren 3an irekiko da, goizean zehar eta sekuentzialki zirkulazioaren noranzkoen arabera, gaur egun dauden seinaleztatze elementuak eta balizak kendu ondoren. Errepidea ordu hauetan irekiko da gutxi gorabehera: 

  • Deba-Mutriku noranzkoan: 10:00etan.
  • Mutriku - Deba noranzkoan: 11:00etan.

2019ko irailaren 4an, ibilgailuentzat eta bizikletentzat GI-3230 errepidea, Kalbario gainetik barrena, erabiltzeko debekua kenduko da, eta gehieneko pisua mugatzeko seinaleak jarriko dira berriro. 

Irailaren 3tik  aurrera eta obrak amaitu bitartean,  GI-638 errepideko erreietako bat egunez eta aldizka itxiko da, eta ibilgailuek beste erreia erabiliko dute txandaka. 

Eragin handiagoak izatea aurreikusten bada, jakinaraziko da. 

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia