Deba eta Zumaia arteko ibilaldia eta itsas irteera martxoaren 31n

2019ko martxoaren 27aDeba eta Zumaia arteko ibilaldia eta itsas irteera martxoaren 31n

Bisita gidatuen denboraldiari hasiera emateko, doako ibilaldia eta itsas irteera egingo dira Euskal Kostaldeko Geoparkean.

2019ko bisita gidatuen denboraldiari hasiera emateko asmoz, doako ibilaldia eta itsas irteera antolatu ditu Geoparkeak datorren iganderako, martxoaren 31rako.

Goizeko 09:45ean elkartuko gara Debako tren geltokian, eta GR-121 oinezko ibilbidea egingo dugu Debatik Zumaiaraino. 14 kilometroko ibilbidea da, eta 4 ordu inguru behar izaten dira.

Arratsaldean, 15:30ean, Zumaiatik Debara itsasontziz itzuliko gara. Horrela, gidari baten laguntzaz (euskaraz), flyscharen edertasuna beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango dugu: 50 milioi urteko historia oparoaren gordailuak, 100 metroko altuera dituzten lur-jausi handiak, itsasarte ezkutuak eta Europako marearteko zabalgune handienetako bat.

Doako ekintza izan arren, aurrez izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, idatzi geoparkea@geoparkea.com posta elektronikora edo deitu 943192452 telefono zenbakira, izen-abizenak, e-posta eta telefonoa emanez. Plaza mugatuak dira; konfirmazioa jaso arte itxaron parte hartzea ziurtatzeko.

Norberak bere bazkaria eraman beharko du, bidean bazkaltzeko; eta oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen dugu.

Iturria: Geoparkea