Deba, historiaurreko bailara hitzaldia larunbatean Kultur Elkartean

2022ko azaroaren 22aDeba, historiaurreko bailara hitzaldia larunbatean Kultur Elkartean

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Debako Udalak antolatu dute hitzaldia Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, eta Debak historiaurrearekin lotuta duen ondare aberatsa ezagutaraztea da helburua.

Debako Udalak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak, datorren larunbatean, azaroak 26, goizeko 11:00etan Debako Kultur Elkartean Deba, historiaurreko bailara izenburua duen hitzaldia antolatu dute. Debak historiaurrearekin lotuta duen ondare aberatsa ezagutaraztea da helburua. Hizlari izangodo dira: Xabier Peñalver, EHUko Arkeologia doktorea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea; Jose Antonio Mujika arkeologoa eta EHUko Geografia, Prehistoria eta Arkeologia departamentuko irakasleak eta Asier Gomez paleontologoa eta ikertzailea EHUn eta Aranzadi Zientzia Elkartean. 

Hainbat ikertzailek urteak daramatzate Deba bailarako ondare arkeologikoari balioa emango dion eremua aztertzen, eta egindako ikerketaren ondorioz jakin izan da Debak aztarnategi arkeologiko eta paleontologiko kopuru izugarria duela. Era berean, Deba ibaiak, Sasiolatik itsasertzera duen ikerketa arkeologiko horietan topatu diren aztarnategi paleolitikoetan oinarrituta, klima eta itsas mailaren aldaketak edota gizakiaren okupazioaren berri izan da.   

Hitzaldi honetan, historiaurreko bailarak gordetzen dituen altxorrak agerian utziko dituzte adituek landare, animalia eta gizakiaren arteko harremanak azalduz. Hori horrela, dauden aztarna arkeologikoak eta paleontologikoak ezagutzera emango dituzte eta historiaurreko ibilbideak bere baitan hartzen duen eremua azalduko dute. 

Proiektuaren lehen fasea da hau eta helburua da historiaurrean inguruan ikerketa, kontserbazioa eta hezkuntza bultzatzea Geoparkea eta Deba herria historiaurrean erreferente bihurtzeko.