Debak 2026ko Euskal Jaia ospatuko du, musika, dantza eta euskal tradizioak ardatz dituen jardunaldiarekin
2026ko irailaren 22aOspakizuna irailaren 26an, larunbata, izango da, publiko guztientzako jarduerez osatutako egitarau zabalarekin
Jaiaren aurrekari gisa, irailaren 25ean, ostirala, Kalean Kantuz ekimena egingo da herriko kaleetan zehar, 19:30etik aurrera
Debak Euskal Jaia ospatuko du berriro datorren irailaren 26an, larunbata, euskal kultura, ohiturak eta herri-adierazpenak balioan jartzeko helburua duen jai-egunarekin. Musikak, dantzak eta herritarren parte-hartzeak protagonismo berezia izango dute jardunaldian.
Herriko hainbat eragileren elkarlanarekin antolatutako egitarauak adin guztietako herritarrentzako ekintzak eskainiko ditu egun osoan zehar, eta tartean izango dira txistulariak, joaldunak, dantzariak, trikitilariak eta hainbat kultur ekitaldi, Debako kaleak jai-giroz betez.
Ospakizunaren hasiera gisa, irailaren 25ean, ostirala, Kalean Kantuz ekimenaren edizio berri bat egingo da herriko kaleetan zehar, 19:30ean hasita, biharamuneko Euskal Jaiaren atariko moduan.
Tradizioz eta parte-hartzez betetako larunbata
Euskal Jaia larunbatean hasiko da goizean goiz. Plaza Zaharrean, Segurako taloak dastatzeko aukera izango da, euskal ohiturak eta tradizioak protagonista izango dituen egunari hasiera emanez.
10:00etan, Kioskoan (Kolore Anitz), HH5 eta LHko ikasleei zuzendutako pintxo lehiaketa egingo da, baita Euskal Jaiari eta Debari lotutako jolasak eta HH5eko ikasleentzako mural margoketa jarduera ere.
Goizean zehar, musika tradizionalak Debako kaleak girotuko ditu. 11:00etan, txistulariek herrian zehar egingo dute kalejira; 11:30ean, Zubietako joaldunen txanda izango da; eta 12:00etan, Gure Kai euskal dantzari taldeak eta Musika Eskolako dantzariek kalez kale eskainiko dute beren emanaldia.
13:30ean, trikitilariek jarraituko dute herriko kaleak alaitzen, euskal musikaren doinuak zabalduz.
Arratsaldean, 15:00etan, bazkari herrikoia egingo da Aldats pilotalekuan. Bazkalostean, trikitilariek girotuko dute ekitaldia, Laja eta Lutxurdiok eskainiko duten emanaldiarekin.
Jai-giroak aurrera jarraituko du 18:00etan, buruhandien kalejirarekin. Ondoren, 19:00etan, DEBRASS taldeak herriko kaleak zeharkatuko ditu bere ikuskizunarekin.
Euskal Jaiari amaiera emateko, 23:00etan, Ahantzi taldearekin erromeria izango da Foruen plazan, euskal kulturaren ospakizun egunari amaiera emanez.
Antolakuntzak herritarrak animatzen ditu jai honetan parte hartzera eta baserritarrez jantzita joatera, ospakizunari giro berezia emateko eta euskal ohiturak eta tradizioak balioan jartzen jarraitzeko.