Debak eta Itziarrek borondate irmoa erakutsi dute Itziarko auzia elkarlanaren bitartez gainditzeko

2019ko urriaren 16aDebak eta Itziarrek borondate irmoa erakutsi dute Itziarko auzia elkarlanaren bitartez gainditzeko

Prentsaurrekoa egin dute Debako udaletxean Debako alkate Gilen Garciak eta Itziarko Auzo Udaleko alkate Arantza Egañak. Itziarko herritarren urteotako ibilbidea ez dela erraza izan aitortu dute biek eta hemendik aurrera elkarlanerako prestutasuna agertu dute. Harremanak normalizatzeko, batzordeari jite berria emango diote.

Itziarko herritarren urteotako bidea ez dela samurra izan aitortu ondoren, iraganari baino etorkizunari begiratu nahi diola esan du Debako alkateak: “Zuzentzen dudan Debako udal gobernu honek etorkizunari begiratu nahi dio, garai berriak dira hauek, hemen ez da izango ez lehen ezta bigarren mailako biztanlerik ere, hemen ez dago ez areriorik, are gutxiago etsairik”.

“Udalgintzan sinesten dugunok pertsonen hobe beharrez lan egin behar dugu. Gu denon ongizatea da helburu eta zeregin horretan akordioa da giltza. Debako udal gobernu hau eraikitzeko dago, ez deuseztatzeko, horregatik Itziarren eta Debaren arteko aspaldiko auzi hau gainditu egin behar dugu, inork ezin du galdu, guztiok irabazi baizik”, gainerako du Garciak.

“Indar politikoen arteko adostasuna behar da, gehiengo zabala behar da, baina ez dugu ahaztu behar galbiderik ez dagoela, bidea zehatza dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015 urtean onartutako 3/2015 Foru Araua jarraitzea besterik ez dago. Orain inork ez dezala tentaziorik izan araudia bihurritzeko, modu batez edo bestez gu guztion elkarbizitza okertzeko, hemen inork ez du hori merezi eta”, Debako alkatearen esanetan.

Ildo berean mintzatu da Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea: “Gu ez gara etsipenean murgildu, ez dugu inoiz izan amore emateko tentaziorik, Itziarko Auzo Udalaren bidez gure helburua bizitza kalitatea hobetzea baita: bizigune garbi bat nahi dugulako, osasun arloan ahalik eta zerbitzu onena izan nahi dugulako, kultura politika aberasgarria behar dugulako, landa eremua eta paisaia babestu nahi ditugulako, gure ume, gazte eta helduak eroso bizitzea nahi dugulako, euskaraz, inolako diskriminaziorik gabe, aniztasunean eta elkartasunean oinarritutako Deba eta Itziar nahi ditugulako. Herri parte hartzaile bat dugulako buruan”.

Egañak, hala ere, argi azaldu du zein izan den orain artean Itziarko herritarren bizipena :“Itziarren eta Debaren arteko gatazkak urte luzez iraun du. Urte askotan gure nahiak zapuztu egin dira, urte gehiegitan sentitu gara alboratuak, bigarren mailakoak bagina bezala. Esfortzu handiak bideratu ditugu auzia konpon zedin baina zoritxarrez esan behar dugu Debako udalaren partetik ez dugula harrera onik izan, are gehiago, batzuetan gutxietsiak ere izan gara. Kontrakotasuna handia izan da, ukaezina da hori, duela ez hilabete asko Itziarko Auzo Udala kolokan jarri nahi zuen ekimen judiziala ere burutu zen. Auzitegietara eraman gaituztenean defendatu gara, epaiek gure alde egin dute, baina antza denez, hori ere ez da nahikoa izan”.

Hori horrela, konpromisoa hartu dute biek harremanak normalizatzeko. “Debako udal gobernu honek borondate politiko irmoa du Itziarko auzia behin betiko gainditzeko, justiziazkoa delako eta, lehen esan bezala, denok irabaziko dugulako. Konpromisoa hartzen dugu Itziarko Auzo Udalarekin harremanak normalizatzeko bideari lotzeko. Komunikazio kanal egonkorra zabaldu dugu ikuspegiak partekatzeko eta horren ondorioz Itziarko Batzordearen fase berri bat hasiko dugu, eraikitzeko tresna izango dena, egonkorra eta eraginkorra, datorren astean bertan bilduko dena”, esan du Debako Alkateak.

“Konpromisoa hartzen dugu ere indar politiko guztien eta erakundeon arteko elkarrizketa bultzatzeko. Eta konpromisoa hartzen dugu araudiak esaten duena jarraitzeko. Horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Foru Arauari jarraituta, auzo udalari dagozkien konpetentziak errespetatuko ditugu, konpetentzia horiek aurrera eramateko”, adierazi du Garciak.