Debak VIII. Elkartasun Azoka hartuko du urriaren 17an

2026ko urriaren 14aDebak VIII. Elkartasun Azoka hartuko du urriaren 17an

Zortzi gizarte-erakundek parte hartuko dute Garapenerako Lankidetzaren 2026ko Jardunaldien baitan antolatutako ekimenean

Deban VIII. Elkartasun Azoka egingo da urriaren 17an, larunbatean, 11:00etatik 14:00etara, Plaza Zaharrean edo Paseo Estalian euria egitekotan. Debako Udalak Garapenerako Lankidetzaren 2026ko Jardunaldien baitan antolatutako ekimenak lankidetzaren eta elkartasunaren arloan diharduten zortzi erakunde bilduko ditu, herritarrei haien lana ezagutarazteko eta gizarte- zein laguntza humanitarioko ekimenekiko konpromisoa sustatzeko.

Aurtengo edizioan zortzi erakundek hartuko dute parte: Salvamento Marítimo Humanitario (SMH), Zaporeak, Lumaltik, Parrokiako Kooperazio Taldea, El Salvador Elkartasuna, Deba-Palestina Herri Ekimena, ICLI (Lankidetzarako Ingeniaritza) eta Juan Bonal Fundazioa. Azoka erakundeen eta herritarren arteko topagune izango da, eta parte hartzen duten elkarteen proiektuak eta lankidetza- zein elkartasun-ekimenak ezagutarazteko aukera eskainiko du.

Jardunaldia 10:30ean hasiko da, txistulariek herriko kaleetan zehar egingo duten kalejirarekin. Ondoren, 11:00etan, azokak ateak irekiko ditu, eta 14:00ak arte egongo da zabalik. Debako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Plaza Zaharrera edo Estalia pasealekura hurbildu eta elkartasunaren aldeko hitzordu honetan parte hartzera.

Zinema emanaldia, jardunaldiei jarraipena emateko

Egitarauak urriaren 18an, igandean, izango du jarraipena, 19:00etan, Kultur Elkartean, Cherien Dabis zuzendariaren Todo lo que fuimos (Palestina, 2025) filmaren emanaldiarekin. Debadezineren laguntzarekin antolatutako saioak Garapenerako Lankidetzaren 2026ko Jardunaldien egitaraua osatuko du.

Egitarau honen bidez, Debako Udalak lankidetzaren arloan diharduten erakundeen lana ikusarazi eta herritarren sentsibilizazioa sustatu nahi du, elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren inguruan parte hartzeko eta hausnartzeko guneak eskainiz.