Debako alkateak bilera egin du Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan

2020ko otsailaren 3aDebako alkateak bilera egin du Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan

Fitur turismo azokara egindako bisita baliatuz (Geoparkeko arduradun eta berau osatzen duten herrietako alkate eta turismo arduradunekin batera egindakoa), bilera eskatu zuen Debako alkateak Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan. Debako itsasaldeari eragiten dioten eta Ministerioaren eskumenekoak diren hainbat gairen inguruan hitz egin zuten.

Ondargaingo tabernari dagokionez, Gilen Garcia alkateak eskatu du gaur egungo kontzesioa mantendu bitartean, bere horretan utz dezatela erabiltzen den azaleraren inguruko afera. Eskatuta zegoen erabilera azalera horretan aldaketak egitea eta ondorioz, horrek kostuan ere igoera eragingo luke. Abenduan egindako osoko bilkuran landu zen gaia. 

Bestetik, Solozabal pasealekuan, estatua dagoen inguruan zuloa dago. Horren aurrean, bi aukera proposatu ditu Ministerioak: kontzesioa udalaren esku egonda, honi legokioke mantenuaren kostua bere gain hartzea, edota irizpide orokorrari jarraituz, miradore hori desagerrarazi, kasu honetan, Ministerioaren esku legoke egin beharreko lanaren kostua. 

Begiralekutik aurrerako baranda burdinezkoa da gaur egun, ondorioz, mantenua behar bezala egiteko maiztasunez margotu behar izaten da. Ez dago, ordea, inolako laguntzarik gaur egun. 

Estuarioko plan bereziari buruzko informazioa helarazi zitzaien. Halaber, Casacampo-ko hegaztien inbentarioaren inguruko eta zuhaitzen inguruko informazioa ere eskaini zitzaien. 

Aurreko legealdian landu zen Mahaspe-Artzabal ibai gaineko (trenbide ondoko) ibilbidearen aurreproiektua ere aurkeztu zitzaien. 

Hondartzako dunekin dauden arazoen berri eman eman zitzaien. Orain dela urte batzuk, itsasertzea babestearren bi duna egin ziren. Bada, horietako bat, desagertu egin da denboralearen ondorioz. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin landu da gaia, eta haien ustez irtenbide naturalak bilatu behar dira. 

Kresala hotelaz ere hitz egin zuten. Terraza egitekotan zein baldintzetan egin ahalko da izan zuten hizketagai.