Debako bainu-eremuak itsasoaren baldintzen arabera mugatzen dira

2026ko abuztuaren 24aDebako bainu-eremuak itsasoaren baldintzen arabera mugatzen dira

Udalak gogorarazi nahi du mugaketa horiek egun berean ere alda daitezkeela, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko

Debako Udalak jakinarazi du bainu-eremuen mugaketa itsasoaren baldintzetara egokitzen dela, segurtasun- eta prebentzio-irizpideei jarraituz. Sorospen zerbitzuak eremu horiek aldatu ditzake korronteak, zurrunbiloak edo bestelako arrisku-egoerak antzematen dituenean, zaintza eraginkorragoa eta hondartzaren erabilera segurua bermatzeko.

Halaber, Debako Udalak gogorarazi du bainurako mugatutako eremutik kanpo geratzen den espazioa surflariek erabili ahal izango dutela, betiere baldintzek horretarako aukera ematen badute. Edonola ere, eremuen mugaketa itsasoaren egoeraren eta segurtasun-irizpideen arabera egiten da beti, eta ez surfa egiteko espazioa handitzeko helburuarekin.

Debako alkate Alazne Txurrukak adierazi duenez, “hondartza guztion espazioa da, eta pertsona guztiek segurtasunez gozatu ahal izatea nahi dugu. Itsasoaren egoera aldakorra da eta, horregatik, garrantzitsua da bainu-eremuak unean uneko baldintzetara egokitzea eta sorospen zerbitzuaren jarraibideak betetzea. Kudeaketa horri esker, hondartzaren erabilera desberdinak uztartu daitezke, betiere segurtasuna lehenetsiz”.

Mugaketak denboraldian zehar eta egun berean ere alda daitezke, itsasoaren egoeraren bilakaeraren arabera. Horregatik, Udalak hondartzako erabiltzaileei banderei eta seinaleei erreparatzeko eta sorospen zerbitzuaren jarraibideak betetzeko eskatzen die, eta eskerrak ematen dizkie hondartzaren erabilera segurua eta elkarbizitza egokia bermatzen laguntzeagatik.