Debako Euskararen Historia Soziala jasotzen duen dokumentala aurkeztuko da

2019ko irailaren 24aDebako Euskararen Historia Soziala jasotzen duen dokumentala aurkeztuko da

Euskal jaiaren testuinguruan, Debako Euskararen Historia Soziala dokumentala jendaurrean aurkeztuko da, debarren historia modu kolektiboan ezagutaraziz horrela.

Zenbait herritarren laguntzarekin ondu da dokumentala: Mariaje Aranburuk eta Nekane Goikoetxeak, historiaren azalpen eta interpretazioak egin dizkigute; Jose M. Etxabe, Itziar Altzibar, Joxe Mari Altzibar, Begoña Arostegi, Maritxu Aizpurua eta Joxe Mari Larramendi euren bizipenak kontatu dituzte; eta Ana Alberdi eta Amaia Otaolak dokumentala grabatzeko lanak egin dituzte. 

2015ean abiatu zen Debako Euskararen Historia Soziala ezagutzeko ikerlana. Iñigo Ramírez de Okariz eta Nekane Goikoetxea Unibertsitateko irakasleak aritu ziren buru-belarri lan horretan, emaitza liburu eder batean jaso zelarik. 

"Behin eta berriz planteatzen zitzaizkigun galderei erantzuteko abiatu zen ikerketa: Deba esaten duten bezain erdalduna al da? Eta baldin bada, zergatik da? Debak XII. mendetik izan duen historia (ekonomikoki, kulturalki, soziologikoki... izan dituen aldaketak) ezagutu eta horiek euskararen erabileran nola eragin duten ikustea pozgarria izan da, balio izan duelako egindako bidearen handia ikusteko", Gilen Garcia alkatearen iritziz. 

Emanaldira, interesa duten herritar guztiak gonbidatu ditu Alkateak. "Garena ulertzeko, izan garena ezagutzea komeni delako. Eta, are garrantzitsuagoa, izan nahi duguna pentsatzeko, zehazten laguntzeko, eta bidean jartzeko oinarria eman diezagukelako". 

Eskerrak eman dizkie guztiei lan hau burutzeko erakutsi duten prestutasunagatik.

Dokumentala DVD formatuan argitaratu eta etxeetan banatuko da. 

Emanaldia:

- Irailaren 27an, 18:30ean.

- Kultur Elkartean

*Emanaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin.