Debako I. eskultura sariketa antolatu du Udalak

2018ko apirilaren 6aDebako I. eskultura sariketa antolatu du Udalak

Abian da Debako I. eskultura sariketa. Debako Udalak antolatu du ekimena, modalitate honetako sortzaileei eskoilera bukaeran ezarri nahi den eskultura sortzeko aukera luzatzeko helburuarekin. Interesatuek izen-emate orria bete, eta udaletxera bidali beharko dute eskatzen den dokumentazioarekin batera, maiatzaren 25a baino lehen.

Iazko mural/grafiti lehiaketaren antzera, aurten eskultura onena saritzeko prozesua jarri du martxan Udalak. Ekimen horri esker, herrian arte garaikidea sustatu nahi da, eta aldi berean, sortzaileei parte hartzeko aukera luzatzea bilatzen da. Eskultura Debako eskoilera bukaeran kokatuko da; horrela, espazio publiko horren itxura hobetu eta erakargarriagoa eginez.

Sariketa honek bi fase bereizi izango ditu; batetik, parte hartzeko interesa erakusten duten artistek euren proiektuaren maketa aurkeztu beharko dute 2018ko maiatzaren 25a baino lehen, eta aurkezten diren lan horietatik epaimahaiak hamar pertsona edo talderenak hautatuko ditu gehienez, sormen, originaltasun eta kalitate irizpideei jarraiki. Bestetik, epaimahaikideek aukeratutako proposamen horietatik herritarrok hautatuko dugu irabazlea bozketa bitartez, gainontzeko lanak erreserban utziz.

Debako I.eskultura sariketarako oinarriak

Deialdia 16 urtetik gorako guztiei egiten zaie, eta indibidualki nahiz taldean har dezakete parte. Horretarako, interesa dutenek izen-emate orria bete beharko dute, eta aurrerago azaltzen den dokumentazioarekin batera, udaletxera bidali beharko dute; postaz (Debako Udala – Portu kalea 1, behea – 20820 Deba) edo posta zertifikatu bitartez. Azken kasu honetan, artxiboa@deba.eus korreo elektronikora bidali beharko da, epe barruan, dokumentazioa aurkeztu izanaren frogagiri hori.

Izena emateko epea 2018ko maiatzaren 25ean, ostirala, bukatuko da (eguerdiko 14:00etan), eta honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

  1. Sobre itxi bat. Kanpoaldean proiektuaren izena; barruan, honako dokumentazioa:

    • Izen-emate orria behar bezala beteta.

    • Partehartzailearen, edo bere kasuan, taldeko kide bakoitzaren NANaren fotokopia.

    • Lanaren exekuziorako aurrekontua (ezingo da 6.000 eurotik gorakoa izan).

    • Egilearen edo egileen ibilbide artistikoaren laburpena.

    • Proiektuaren deskribapen memoria: erabiliko diren materialak, bukaerak eta exekuzio prozesua zehaztuz.

    • Artisten zinpeko deklarazioa, aurkeztutako lana originala eta argitaratu gabea dela ziurtatzen duena.

    • Lana exekutatzeko konpromisoa, aurkeztutako proiektua irabazle suertatuko balitz.

  1. Proiektuaren maketa; gehienez ere 50 x 50 x 50 cm-koa. Maketarekin batera, honako hauek:

    • Bukaerako artelanaren neurriak, planoak, perspektibak, bozetoak eta fotomuntatzea.

    • Argazkiak .jpg edo .pdf formatuan, eta gehienez ere, 150 ppp-ko erresoluzioarekin.

    • Epaimahaiak artelana hobeto ulertzeko egileek beharrezkotzat jotzen dituzten deskribapen datuak.

2018ko ekainaren 22an argitaratuko da irabazlearen izena, eta zuzenean 4.000 €-ko ordaina jasoko du. Aurkeztutako artelana exekutatzeko gehienez 3 hilabeteko epea izango du, eta amaitutakoak aurkeztutako bozetoarekin bat etorri beharko du.

Behin lana eginda, zuzen exekutatuta eta amaituta dagoela ziurtatuko du epaimahaiak, eta orduan jasoko ditu irabazleak gainontzeko 2.000 euroak.

Debako I. eskultura sariketako oinarriak osorik ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.