Debako udala eraso sexistarik gabeko uda baten alde

2020ko uztailaren 30aDebako udala eraso sexistarik gabeko uda baten alde

Uda ezohiko honetan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak sustatzeko helburuarekin, Debako udala “Beldur Barik Uda 2020: Eraso sexistarik gabeko uda baten alde” sentsibilizazio-kanpaina sustatzen ari da. Kanpainaren kartelak banatu ditu udalerriko tabernetan.

Debako udalak ez ditu onartzen eraso sexistak eta horregatik, tabernariei eskatu die kanpainarekin bat egin dezaten gutun baten bitartez. Eduki matxista eta LGTBI-fobiko musika, bideoak, jarrerak, hizkuntza… saihestera dei egin du Udalak. Halaber, jarrera matxista eta/edo LGTBI-fobikoen aurrean jarraitu beharreko jarduera protokoloa ere helarazi die tabernariei. 

Eraso matxisten eta LGTBI-fobikoen aurkako prebentzioa guztion ardura da: herritarrena, oro har, eta, jakina, erantzukizun politikoa edo teknikoa duten pertsona guztiena, toki mailan dihardugunona bereziki (ostalaritza, komertzioak, txosnak…), eremu hori herritarren bizitza garatzen den eguneroko espazioetatik gertu dagoelako.