Debako Udalak abian jarriko du Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezia

2020ko otsailaren 21aDebako Udalak abian jarriko du Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezia

Debako Udalak Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezia martxan jarriko du. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzaturiko plana da, Debalai merkatari elkartearen parte-hartze aktiboa izango duena. Gilen Garcia alkateak, Nerea Arrizabalaga zinegotziak, Aurora Amadok Debalairen izenean eta Gorka Goikoetxeak Ikertalde aholkularitzaren izenean agerraldia egin dute.

Hiri tertziario sendo bat izateak, hau da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore erakargarriak, herritarrei bizi kalitatea eta herri-dinamismoa eskaintzen die. Aldi berean, gertutasunezko zerbitzu eta aukera komertzial zabala izateak jendea udalerrian bertan kontsumitzera bultzatzen du, herriari klima biziagoa eta erakargarriagoa emanez”, Gilen Garcia alkateak azaldu duenez.

Aurora Amadok azaldu du sektorearen berri. “Azken urteotan sektorea etengabeko aldaketa fase bat bizitzen ari da, bai komertzializazio moduetan eta baita kontsumo ohituretan ere; hau honela, Internet bidezko erosketak, erosketak hiriburuetan egitearen ohitura, low-cost salmentak… garrantzia hartzen ari dira. Honekin guztiarekin, sektoreak berrantolaketa eta lehiakortasunerako hobekuntzen beharra dauka”. 

Hori honela, udalak Merkataritza Berrindartzeko Plan Berezia martxan jarri du. Plan honek, ekintza parte-hartzaile desberdinak izango ditu, Ikertaldeko Gorka Goikoetxeak azaldu duenez. Herritarrei zein merkataritza eta ostalaritza sektoreko eragileei irekiak egongo direnak, eta martxoan abiatuko direnak. 

Herritarrei, kontsumitzaile diren heinean, zuzenduriko inkesta bat egingo zaie bai telefonoz eta baita kalean ere (Deban eta Itziarko herrigunean), martxoan bertan. Herriko parke komertzialaren eskaintza aztertzeko helburuarekin, merkatari naiz ostalari eta zerbitzuko establezimenduei ere inkesta egingo zaie; eta baita establezimenduen zenbaketa bat ere. Proiektuaren prozesua azaldu eta parte hartzeko aukera emango duen webgune bat ere sortuko da, udaleko webgunetik bertatik sarrera izango duena. 

Prozesu honetan lorturiko emaitza eta ondorioak ekintza-lerro zehatzetan gauzatuko dira, datozen urteetan sektorearen arlo urbanistiko eta lehiakorrean garatzen joango direnak. Azkenean, Ekintza Plan bat gauzatuko da, udalaren eskaintza eta gune komertzial, ostalari nahiz zerbitzu guneak hobetzen eta modernizatzen lagunduko duena; eta aldi berean, gaur egungo gizartearen beharrei eta kontsumo-ohiturei erantzun egokiago bat emango diona. 

Arrazoi honegatik, udalak herritarrei, kontsumitzaile nagusiak direlarik, eta baita sektoreari berari ere, proiektuan kolaboratzera eta datozen hilabeteetan garatuko diren ekintza desberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu (inkesta telefonikoak, kale-inkestak, elkarrizketak, sektoreko lan-taldeak…), Ikertalde, proiektuaren ekintza teknikoen garapenaz arduratzen den aholkularitza enpresarekin lankidetzen, Nerea Arrizabalagak azaldu duenez.