Debako Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko du San Roke jaietan

2026ko abuztuaren 12aDebako Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko du San Roke jaietan

Debako Udalak sentsibilizazio-materiala zabalduko du eta abuztuaren 15ean gune morea jarriko du Lersundi kalean

Abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaiak direla eta, Debako Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko du aurten ere. Ekimenaren helburua da jaiak pertsona guztientzako espazio askeak eta seguruak izatea, berdintasunean eta errespetuan oinarrituak, eta eraso sexista, LGTBIfobiko, xenofobo eta arrazistarik gabekoak.

Jaiak hasi aurretik, Udalak sentsibilizazio-materiala banatuko du herriko tabernetan eta jai-eremuetan. Kartel eta pegatina horien bidez, herritarrak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatu eta erasoen aurrean dauden baliabideen berri eman nahi da.

Protokoloak gogorarazten du indarkeria matxista ez dela soilik eraso fisikoa, eta eraso baten aurrean pertsonari lagundu, haren erabakiak errespetatu eta konfidentzialtasuna bermatu behar direla.

Debako alkate Alazne Txurrukaren hitzetan, “San Roke jaiak askatasunez eta errespetuz bizitzeko dira. Udalak prebentzioa eta arreta indartu ditu, pertsona guztiek beldurrik eta erasorik gabe gozatu ahal izan dezaten. Herritar guztion ardura da jarrera matxista, LGTBIfobiko, xenofobo eta arrazistei aurre egitea eta isilik ez geratzea”.

Bestalde, abuztuaren 15ean gune morea egongo da, 23:00etatik 02:00etara, Zumardi parean, Lersundi kalean. Guneak informazioa, orientazioa eta arreta eskainiko ditu, eta indarkeria matxistaren aurrean babeserako eta erreferentziazko espazioa izango da jaietan.

Laguntza behar izanez gero, herritarrek 112 larrialdi-telefonora, Udaltzaingoaren 689 125 889 telefono-zenbakira, SATEVIren 900 840 111 telefono-zenbakira edo 016 zenbakira jo dezakete.

Debako Udalak herritar guztiei dei egiten die arduraz jokatzeko, erasorik ez normalizatzeko eta indarkeriazko jokabideen konplize ez izateko.