Debako Udalak kale-garbiketa eta hondakinen bilketa indartuko ditu San Roke jaietan

2026ko abuztuaren 7aDebako Udalak kale-garbiketa eta hondakinen bilketa indartuko ditu San Roke jaietan

Kaleak eta karpa egunero garbituko dira, txosna eta alamedako guneetan birziklatzeko edukiontzi gehiago jarriko dira eta beirazko botilen bilketa indartuko da erdigunean.

Debako Udalak kale-garbiketa eta hondakinen bilketa zerbitzuak indartuko ditu abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaietan. Helburua kaleak eta jai-guneak garbi eta seguru mantentzea da, baita hondakinen bereizketa egokia erraztea ere.

Ohi bezala, kaleak egunero garbituko dira. Jai-egun nagusietan, hala nola txosnen eta karparen inguruan, Bazkari herrikoia dagoen bakoitzean, karpan edo Aldats pilotalekuan, edukiontzi gehigarriak jarriko dira birziklatu ezin diren hondakinak, materia organikoa, papera eta ontziak biltzeko. Karparen, jende gehien bilduko duten ekitaldien guneen eta entzierroen ibilbidearen garbiketa ere indartuko da, lanak jardueren ordutegietara egokituta. Jaiak amaitu ondoren, plaza garbituko da.

Era berean, Udalak beirazko botilak biltzeko edukiontzi berezi gehiago banatuko ditu ostalaritza-establezimenduen artean. Duela bi urte Plaza Zaharrean abiatutako kanpaina erdiguneko tabernetara zabalduko da, lortutako emaitza onak ikusita. Herritarrei botilak establezimenduetara itzultzeko edo horretarako prestatutako edukiontzietan uzteko eskatzen zaie.

Beirazko botilak bide publikoan uzteak arriskua sortzen du bai herritarrentzat, bai garbiketa-lanez arduratzen diren langileentzat. Horregatik, Udalak aldez aurretik eskertu nahi du ostalaritzaren, herritarren eta bisitarien lankidetza, jai garbi, seguru eta jasangarriez gozatu ahal izateko.