Debako Udalak mugikortasuna antolatuko du Agirretxe kaleko lanek iraun bitartean

2026ko urriaren 29aDebako Udalak mugikortasuna antolatuko du Agirretxe kaleko lanek iraun bitartean
  • Murrizketak azaroaren 2tik 6ra egongo dira indarrean, eta garajeetarako sarbideetan eta San Josepe kaleko zirkulazioan ere izango dute eragina

Agirretxe kalean egingo diren asfaltatze lanak direla eta, Debako Udalak azaroaren 2tik 6ra trafikoan eta aparkalekuan izango diren aldaketen berri eman du. Egun horietan, aparkatzeko mugak ezarriko dira lanen eremuan, garajeetarako sarbidea mugatuko da lanorduetan, eta San Josepe kalean txandakako zirkulazioa ezarriko da, inguruko joan-etorriak bermatzeko.

Zehazki, lanek eragingo duten Agirretxeko zatian dauden 51 aparkalekuak hustu beharko dira azaroaren 2an, astelehena, 07:30erako. Ezin izango da berriro bertan aparkatu azaroaren 6ko 17:30ak arte, orduan amaitzea aurreikusten baitira lanak. Asfaltatze lanak Agirretxe kale osoan egingo dira, 1, 3, 5 eta 7 zenbakietan izan ezik.

Bestalde, lanek irauten duten bost egunetan, 09:30etik 17:30era, ezingo da ibilgailuekin sartu edo irten lanek eragindako eremuko garajeetatik. Eguneko lanak amaitutakoan, garajeetarako sarbidea eta Agirretxe kaleko zirkulazioa berriro baimenduko dira, baina aparkatzeko debekuak indarrean jarraituko du lanak amaitu arte.

Txandakako zirkulazioa San Josepe kalean

Lanen ondorioz, San Josepe kaleko zirkulazioan ere aldaketak izango dira. Azaroaren 2tik 6ra, 09:30etik 17:30era, bi noranzkoko txandakako zirkulazioa ezarriko da, semaforoen bidez araututa.

Ordutegi horretan, San Josepe, Itziar bidea, Latzurregi, Mogel, Luzaro, Mendata edo Egia auzora joan nahi duten ibilgailuek Osio kaletik sartu beharko dute. Ondoren, Astillero kaleko oinezkoen eremua zeharkatu eta 16. zenbakiaren parean jarriko den semaforora iritsiko dira.

Era berean, semaforoen bidez arautuko dira Itziar bidetik beherako zirkulazioa eta San Josepe kaleko hiru garajeetako irteerak. Azken horietatik irteten diren ibilgailuek beheranzko noranzkoan zirkulatu beharko dute nahitaez, behin-behineko seinaleak errespetatuz.

Seinaleztapena eta bizilagunentzako informazioa

Udalak urriaren 26an jarriko ditu behin-behineko seinaleak eta informazio-oharrak inguruko atari eta garajeetan. Horrela, bizilagunek aldez aurretik izango dute murrizketen berri, eta joan-etorriak antolatu ahal izango dituzte.

Debako Udalak herritarren laguntza eskatu du, eta behin-behineko seinaleei arreta jartzea, ibilgailuak ezarritako epean kentzea eta lanek iraun bitartean ohiko joan-etorrietan izan daitezkeen aldaketak kontuan hartzea gomendatu du.