Debako Udalak ostalaritzari eta merkataritzari dei egin die udan ere euskarari lekua egiteko
2026ko abuztuaren 10aDebako Udalak ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduak animatu nahi ditu bisitari gehien jasotzen diren hilabeteetan ere euskara ikusgai eta presente egon dadin, eta horretarako, haren erabilera errazteko baliabideak jarri ditu haien eskura.
Udalak herriko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduei eskatu die bisitari gehien jasotzen diren hilabeteetan ere euskararen presentzia eta erabilera bermatzen laguntzeko, herritarren euskaraz bizitzeko nahia eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko. Horretarako, orain arte bezala, euskara erabiltzea errazteko baliabideak eta laguntza eskaintzen jarraituko du.
Debako Udalak herriko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduei eskatu die udako hilabeteetan ere euskarari lekua egiteko eta eguneroko jardunean haren presentzia eta erabilera zaintzeko. Izan ere, establezimendu horiek herritarren eguneroko bizitzaren eta sozializazioaren parte garrantzitsua dira, eta Udalak beharrezkotzat jotzen du bertan ere herritarren euskaraz bizitzeko nahia eta hizkuntza-eskubideak bermatzea.
Udan nabarmen handitzen dira Deban bisitari kopurua eta ostalaritzaren zein merkataritzaren jarduera. Testuinguru horretan, Udalak establezimenduei dei egin die bezeroekiko harremanetan eta beren komunikazio-euskarrietan euskara modu naturalean erabiltzeko, urteko gainerako hilabeteetan bezala.
Alazne Txurruka Debako alkateak azpimarratu duenez, “establezimenduak ez dira edariak edo janaria emateko tokiak soilik, sozializaziorako espazio garrantzitsuak ere badira”. Ildo horretan, “Deba herri euskalduna da, eta hala izaten jarraitu nahi duela” gogorarazi du, eta herritarrek espazio horietan euskaraz egiteko eta artatuak izateko aukera izatearen garrantzia nabarmendu du. Era berean, herria bisitatzen dutenek Debaren hizkuntza-errealitatea ezagutu eta euskara entzun eta ikusteko aukera izatea ere garrantzitsutzat jo du.
Euskararen erabilera errazteko tresnak
Udalak, orain arte bezala, euskara erabiltzeko laguntza behar duten ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduen eskura hainbat baliabide jartzen jarraituko du.
Horien artean dago udalaren itzulpen-zerbitzua, menuetan, kartetan, prezio-zerrendetan eta establezimenduetan erabiltzen diren bestelako materialetan euskara txertatzen laguntzeko.
Horrez gain, ostalaritzarako hiztegi praktiko bat ere badago, eguneroko arretan euskararen erabilera errazteko ohiko hitz eta esamoldeekin. Txurrukak gogorarazi du keinu txikiek ere garrantzia dutela: “lehen hitza euskaraz egitea, menuetan euskarari tartea ematea edo euskarazko musika jartzea”, besteak beste.
Debako Udalak ostalaritzaren eta merkataritzaren inplikazioa eskertu eta sektoreari dei egin dio uda honetan ere euskara herriko eguneroko paisaiaren eta harremanen parte izan dadin. “Denon artean, bisitatzen gaituztenentzat erakargarria eta hemen bizi garenontzat atsegina izango den Deba eraiki nahi dugu, euskarari espazioa eta bizia emanez”, adierazi du alkateak.