Debako Udalak Santa Katalina berreskuratu du

2017ko apirilaren 25aDebako Udalak Santa Katalina berreskuratu du

Udalak Santa Katalina ermita eta haren lursailek osatzen duten 63.468 m²-ko lurzatia erosi berri du 30.000 euroan. Gaur goizean sinatu da eskritura Zarauzko notaritzan. Udalak eskerrak eman nahi dizkio Alfonso del Valle Lersundiri, urte hauetan guztietan azaldu duen laguntza eta borondate onagatik.

10-054 lurzatiak 63.468 m²-ko azalera du. Bertan daude Santa Katalina baseliza eta Ermita Berri baserriaren horma zaharrak.

1869. urtean, baseliza eta ondoko baserriaren hondamen-egoera ikusita, eta eraberritze-lanek eragingo zuten zama ekonomikoa kontuan izanik, Udalak Lersundi Teniente Jeneralari ematea erabaki zuen, beraren babespean baitzegoen.

Lurzati hori Udalaren esku lagatzeko, 2002ko abenduaren 27an, Debako Udalak jabeekin hitzarmen bat izenpetu zuen. Baina azkenean ez zen gauzatu. Gero, N-634 errepidearen gainean egurrezko eskubanda instalatu behar zutela eta, Udala harremanetan jarri zen berriro jabeekin.

Gaur, 2017ko apirilaren 25ean, Udalak lurzati honen erosketa gauzatu du 30.000 euroan eta eskerrak eman nahi dizkio Alfonso del Valle Lersundiri, gaur artean baseliza eta haren lursailen jabea izan denari, urte hauetan guztietan azaldu duen laguntza eta borondate onagatik.

Gune natural babestua

Bai baseliza eta baita haren lursailak ere gune natural babestu batean aurkitzen dira eta paisaia aldetik interes handikoak dira. Baina zoritxarrez, azken urte hauetan, inguru hori nabarmen hondatu da, batez ere, baselizaren ingurua abeltzaintzarako erabiltzen delako.

Joan den urtean azterlan bat egin zuten ingurumen eta paisaiaren ikuspegitik eraberritu, eta Santa Katalinan aisialdirako gune publikoa sortzeko. Azterlan horrek 8.712€-ko kostua izan zuen, eta horietatik 7.200€ Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zituen.

Hiru jarduera-eremu bereizi proposatzen ditu azterlan horrek:

  • Kanpoaldea, itsaslabarretik hurbilen dagoena; bertan egungo egoera sendotzea proposatzen da.

  • Ganaduarentzako eremu irekia, lurzatiaren zatirik handiena hartzen duena; bertan, orain arteko ganadu-erabilerak jarrai dezala proposatzen da, hesia tokiz aldatzea, eremu horretara sarbide zuzena izateko, eta ganaduarentzako ur-hargunea bertaraino eramatea. Bertatik pasatzen da GR-121 bidea, eta bidaztiak zelaietatik desbideratu ez daitezen, heskaia landatzea proposatzen da.

  • Ganadurik gabeko eremua, eremurik garaienean, baseliza dagoen tokian; "Santa Katalina begiratokia" aisialdirako eta interpretaziorako gunea egitea proposatzen da. Eremu honetan Ermita-Berri baserriaren hormak finkatzea proposatzen da, eta gainera, bertan dagoen iturria ordezkatu, konpondu eta tokiz aldatzea, eta Lasturtik ekarritako harrizko bost totem kokatzea, baselizako eta baserriko sarrerako fatxadarekin batera interpretazio-guneari atxikita harrera-gune zirkularra osatuz.