Debako Udalak tren maiztasuna hobetzeko aurrerapausoak eskatu ditu

2026ko irailaren 29aDebako Udalak tren maiztasuna hobetzeko aurrerapausoak eskatu ditu
  • Debako Udalak ETSri aurrerapen zehatzak eskatu dizkio herriko tren maiztasuna handitzeko konpromisoa betetzeko

Debako Udalak herriko tren zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko lanean jarraitzen du, herritarren aspaldiko eskaera bati erantzuteko helburuarekin. Alazne Txurruka Allika Debako alkateak elkarrizketa izan du ETSko zuzendari nagusi Antonio Lópezekin, tren maiztasunak handitzeko beharra helarazteko eta zerbitzuaren hobekuntza ahalbidetuko duten azpiegituren egoerari buruzko informazio eguneratua eskatzeko.

Tren bidezko konexioa hobetzea eta itxaronaldiak murriztea Udalak urte askoan zehar helarazi duen eskaera da. Gainera, aldarrikapen horrek herritarren babes zabala izan zuen, Deban eta inguruko herrietan milaka sinadura bildu baitziren tren zerbitzuaren maiztasuna ordu erdira murrizteko eskatuz. Helburua tren zerbitzu eraginkorragoa eta herritarren eguneroko beharretara egokituagoa lortzea da, bereziki garraio publiko hori egunero erabiltzen duten pertsonentzat.

Aurreko elkarrizketa eta bileretan, ETSk Udalari jakinarazi zion tren maiztasuna handitzeko aukera hainbat azpiegitura-jarduketa amaitzearen menpe zegoela, besteak beste, Altzolako eta Aginagako tunel berrien amaieraren menpe. Orduan adierazi zenez, azpiegitura horiek 2026ko hasierarako amaituta egotea aurreikusten zen, eta horrek tren maiztasuna handitzeko aukera ekarriko zuen.

Epea igaro den arren eta tren zerbitzuan oraindik hobekuntza hori gauzatu ez denez, Debako Udalak berriro jo du ETSra, maiztasun berriak ezartzeko aurreikusitako egutegiaren, azpiegituren egoeraren eta atzerapenen arrazoien inguruko informazio eguneratua eskatzeko.

Debako Udalak beharrezko kudeaketak egiten jarraituko du ETSren eta eskumena duten gainerako erakundeen aurrean, herriko tren zerbitzuaren hobekuntza defendatzeko eta herritarrei konpromiso honen bilakaerari buruzko informazio argia eta gardena helarazteko.