Egokitzapena behar duten Debako eta Itziarko umeentzat eskola kirola eskainiko da Zumaian

2021ko azaroaren 16aEgokitzapena behar duten Debako eta Itziarko umeentzat eskola kirola eskainiko da Zumaian

2022a hastearekin batera, egokitzapena behar duten umeentzako eskola kirola jarriko da martxan bost herritan. Aizarnazabalen astelehenean egindako agerraldian aurkeztu da ekimena. Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak ekimenean parte hartuko dute Aizarnazabalgo, Zestoako, eta Zumaiako udalekin batera. Agerraldian horietako ordezkariekin egon dira Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak jakinarazi duenez, Gipuzkoan hamar pertsonatik batek du ezgaitasun ziurtagiria, eta hain zuzen, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteek “kalitatezko” eskola kirola egiteko eskubidea bermatua izan dezaten egin dute bat udalek, aldundiak eta federazioak. Gainera, “eskualde izaera” eman diote egitasmoari: “Udalerri txiki eta ertainetan ezgaitasuna duten haur eta gazteen premiei erantzun ahal izateko elkartu gara, eta gure helburua da guztiek izatea eskola kirolerako aukera”, adierazi du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Izan ere, haren hitzetan, kolektibo hori bi aldiz da kaltetua: “Desgaitasuna edukitzeagatik kaltetua izateaz gain, landa eremuetan edo herri txikietan daudelako ere badira”. Egitasmoarekin beraz, bi egoera horiei aurre egin nahi zaie.

Izen ematea, zabalik

Amaia Elizondo federazioko ordezkariak ere ildo beretik hitz egin du, eta adierazi du egokitzapena behar duten umeek eskola kirola egiteko eskubidea urratuta izan dutela, eta behar hori asetzeko abiatu dutela egitasmoa. LHn eta DBHn dabiltzan umeei zuzendu diete eskaintza, eta horiek astean bi saio egingo dituzte, Zumaian. Saio bat lehorrean izango da, eta bestea, igerilekuan. Gaurtik hasita, datozen bi asteetan egongo da zabalik izen ematea, eta interesa duenak tokian tokiko eskoletan eta kiroldegietan egin dezake. Proiektuaren inguruko informazio gehiagorako, berriz, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren telefono zenbakira deitu dezakete (943-46 25 14). 

Arantxa Egaña Itziarko auzo alkateak, bere aldetik, adierazi du “gogotsu eta pozik” dagoela proiektuan parte hartzeko aukera izan dutelako. Izan ere, Itziar zein Deba Debabarrena eskualdekoak dira, baina Egañak azpimarratu du egunerokoan “loturak” dituztela Urola Kostako hainbat udalerrirekin: “Finean, errealitate berdintsua eta harreman naturalak ditugu Urolarekin”.

Bestalde, Libana Taboada Aldundiko Kirol teknikariak adierazi du dagoeneko Gipuzkoako hamabost herritan eskaintzen dela eskola kirol egokitua, eta guztira, 200 lagun ari direla parte hartzen. “Jarduera fisikoaren bitartez, gizarte inklusioari lehentasuna ematea zer garrantzitsua den azpimarratu nahi dugu”. Urola Kosta mendebaldean abiatuko duten egitasmoa, berriz, “arrakastatsua” izatea espero dute antolatzaileek, eta han parte hartzera animatu dituzte familiak. Era berean, federazioak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartuko duten udalerriei, aspalditik datorren eskaera errealitate bihurtuko dutelako.

 

*Informazioa: Urola Kostako Hitza