Erosi Deban bonoak sortu ditu Udalak udalerriko merkataritza laguntzeko

2020ko abenduaren 18aErosi Deban bonoak sortu ditu Udalak udalerriko merkataritza laguntzeko

Aurretik egindako bonoen eskaintzarekin jarraituz, 12.000 euro bideratuko ditu Debako udalak udalerriko merkataritza laguntzera, bono sistemaren bitartez. Debako udalaren finantzaketarekin eta ikuskapenarekin, Debalaiekin batera egingo da kanpaina. Adin nagusikoak diren herritarrek erabili ahal izango dituzte, pertsona bakoitzak, gehienez ere lau bonoren onura izan dezake.

Osasun alarma egoeragatik itxita egon ziren merkataritza eta zerbitzu establezimenduei laguntzeko da. Programara atxikitu ahal izango dira 2020ko martxoaren 16tik maiatzaren 3ra bitartean eta 2019ko aldi berarekin alderatuta %40tik gorako galerak izan dituztenak. Kanpo geratzen dira turismoaren, ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreetako establezimenduak (beste programa batean daude).

30 euroko bonoak izango dira. Gutxieneko 30 euroko erosketa egin beharko da bonoa erabili ahal izateko. Udalak bono bakoitzeko hamar euro jarriko ditu. Kanpainan parte hartzen duten merkatarien artean banatuko dira bonoak, hortaz, kanpainari atxikitzen zaizkion establezimendu kopuruaren araberako bono kopurua izango dute parte hartzaileek. 

Atxikitzen diren establezimenduetan bertan eskuratu ahal izango dira, abenduaren 22tik aurrera. 

Egunotan ari dira merkatariak kanpainan izena ematen eta abenduaren 21eko eguerdira bitarteko epea dute; Debalaiko kideak direnak elkartearen bitartez ari dira eta gainontzekoekin Udalak egin du harremana.