Eskoilerako katuekiko hainbat neurri hartu ditu Debako udalak

2019ko urriaren 4aEskoilerako katuekiko hainbat neurri hartu ditu Debako udalak

Azken urteotan gero eta katu gehiago agertzen ari dira hondartzako eskoileran, azken bi urteotan arazo bihurtzeraino. Besteak beste, hondartzan sartzeagatik, txakurrekin liskarrak izateagatik edota jaten ematen dieten pertsonek ontziak lurrean uzten dituztelako.

Iaz hasi zen udala katuak antzutzen. Uda honetan, berriz, Udala, Xapi Debako katuen elkartearekin elkarlanean hasi da. Une horretatik aurrera, hortaz, Xapikoak dira katuei jaten ematen dieten bakarrak.

Ekimen honen bitartez, lortzen da, batetik, katuak elikatzea, eta ondorioz, hondartzara edo beste nonbaitera joan behar ez izatea elikagaien bila; inguruan, lurrean botatako, ontzien eta jakien hondakinak saihestea; eta katuak kontrolatzea.

Hondartzakoa kontrolatuta, herrian dauden gainontzekoak ere kontrolpean izateko antzutzeekin jarraituko du. Katu berriak agertzen direla ikustekotan, udalari jakinarazteko deia egiten zaie herritarrei.