Estatuko geoparkeetako ordezkariak bilduko dira Deban XI. Jardunaldi Irekien atariko
2026ko urriaren 2a- Debako Udalak Estatuko hainbat geoparketako hogeita hamar bat alkate eta ordezkari hartuko ditu urriaren 6an, Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekien atariko egingo den topaketa instituzionalean.
Deba Estatuko hainbat geoparketako ordezkarien topagune izango da urriaren 6an. 13:00etan, Debako Udalak harrera instituzionala egingo die Geoparkeen Sareko hogeita hamar bat alkate eta ordezkariri.
Topaketa urriaren 7an eta 8an Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo diren Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekien bezperan egingo da, “Garena kontatu. Geoparke bat interpretatu eta komunikatu” lelopean.
Harreran izango dira Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkate eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko lehendakaria, Alazne Txurruka Debako alkatea, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailea.
Topaketak geoparkeek gaur egun dituzten erronka nagusien inguruko esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko aukera emango du. Lurralde bakoitzaren berezitasunak ez ezik, Sarearen barruan partekatzen dituzten erronkak ere izango dituzte hizpide.
Debako harreraren ondoren, parte-hartzaileek Zumaian jarraituko dute lan-saioekin arratsaldean.
Urriaren 7an eta 8an egingo diren XI. Jardunaldi Irekiek ondarearen kontserbazioan, hezkuntzan, komunikazioan, dibulgazio zientifikoan eta turismo jasangarrian diharduten ordezkari eta profesionalak bilduko dituzte. Aurtengo edizioan, interpretazioa eta komunikazioa izango dira ardatz nagusiak, ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko tresna gisa.
Jardunaldiek interes handia piztu dute, eta parte hartzeko plaza guztiak bete dira dagoeneko.