EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA, FITUR TURISMO AZOKAN

2016ko urtarrilaren 19aEUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA, FITUR TURISMO AZOKAN

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoaren berri emango du Fitur Nazioarteko Turismo Azokan urtarrilaren 20tik 24ra, Madrilen. Hain zuzen ere, asteazkenean, inaugurazio egunean, 17:00etan Euskal Kostaldeko Geoparkearen aurkezpena egingo da Euskadiko standean.

UNESCOren Munduko Geoparke izendatu berri, Euskal Kostaldeko Geoparkearen aurkezpena egingo da Euskadiko standean asteazkenean, hilak 20, 17:00etan.

Leire Barriusok egingo du aurkezpena eta berarekin batera izango dira Basquetour eta Geoparkea osatzen duten hiru herrietako ordezkariak, alkateak buru (Deba, Mutriku eta Zumaia). Halaber, Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako ordezkariak ere bertan izango dira.

Deba, Mutriku eta Zumaia herriek osatua, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ondare geologiko, natural eta kultur aparta du, eta natura-turismo eta geoturismoaz gozatzeko Euskadin daukagun proposamen erakargarrienetakoa dugu.

Geoparkeko Turismo Bulegoek eskainitako datuen arabera, 2015ean Geoparkeko bisita gidatuak egin zituzten lagunen kopuruak %48 egin zuen gora, aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira, 9.743 lagunek hartu zuten parte iaz Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan.

Laster izango du Geoparkeak prest 2016rako bisita gidatuen programazio berria. Programazio zabala, anitza eta erakargarria, bertako ondare geologiko, natural eta kulturalaren dibulgaziorako. Gainera, zalantza gabe, duela gutxi eskuratu den UNESCOren izendapenak bisitari gehiago erakarriko ditu Zumaiara, Debara eta Mutrikura.