Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari eutsi dio, laugarren aldiz

2026ko azaroaren 4aEuskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari eutsi dio, laugarren aldiz
  • Geoparkeak baloraziorik altuena lortu du, ‘Txartel Berdea’ izenekoa, UNESCOren ebaluazio-prozesua arrakastaz gainditu ondoren. Horri esker, izendapenari eutsiko dio beste lau urtez.

Debak, Mutrikuk eta Zumaiak osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak laugarren aldiz berritu du UNESCOren Munduko Geoparke izendapena. Erabakia Parisen egindako UNESCOren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren 11. bilkuran jakinarazi da.

Geoparkeak kalifikaziorik altuenarekin gainditu du ebaluazioa, eta ‘Txartel Berdea’ eskuratu du, adituek inolako neurri zuzentzailerik proposatu gabe. Aitorpen horrek azken lau urteotan ikerketa zientifikoaren, ondarearen kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren arloetan egindako lana nabarmendu du.

Debako alkate Alazne Txurrukak aitorpen horrek udalerriarentzat duen garrantzia azpimarratu du: «Berritze honek gure natura-ondarea babesteko eta balioan jartzeko elkarlanean egiten ari garen lanari babesa ematen dio. Debarentzat, Geoparkearen parte izatea aukera garrantzitsua da garapen jasangarriaren aldeko bidean aurrera egiten jarraitzeko, gure ingurunearen kontserbazioa herritarren ongizatearekin eta etorkizuneko aukerekin uztartuz».

Era berean, Txurrukak nabarmendu duenez, «aitorpen hau erakundeen, tokiko eragileen eta herritarren arteko elkarlanaren emaitza da, eta ondare hau babesten eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzen jarraitzeko bultzada ematen digu».

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalek pozik hartu dute albistea, lurraldean elkarlanean egindako lanak nazioarteko babesa jaso baitu berriro.

Egindako lanaren ebaluazio positiboa

UNESCOko adituek maiatzaren 10etik 13ra bitartean bisitatu zuten Geoparkea, azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko. Bisitan zehar, Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeaz gain, tokiko eragileekin eta hainbat erakundetako ordezkariekin bildu ziren.

Ebaluatzaileen txostenak azpimarratzen du Euskal Kostaldeko Geoparkea egitasmo sendoa eta finkatua dela, gobernantza irmoa, kudeaketa-talde ona eta finantza-egoera egonkorra dituena. Halaber, tokiko, probintziako, eskualdeko eta nazioarteko eragileen inplikazio handia nabarmendu dute.

Izendapena berritzeak aukera emango dio Geoparkeari UNESCOren Munduko Geoparkeen Sarean beste lau urtez jarraitzeko.