"Geltokia" Erromesen aterpetxe berria Deban

2014ko ekainaren 12a"Geltokia" Erromesen aterpetxe berria Deban

Ostiralean, ekainaren 13an eguerdiko 13:00etan inauguratuko da Done Jakue Bideko erromesentzako Debako aterpetxea “Geltokia”. Azpiegitura berria ikusi nahi dutenek elkarteko boluntarioen eskutik egin ahal izango dute egun bertan, 18:00etatik 20:30etara ate irekiak izango baitituzte. Erromesentzako berriz, larunbatean jarriko dute martxan.

  • Lau gelatan banaturik berrogeita hamasei lagunentzako tokia du, urte guztia egongo da zabalik eta orain arte bezala elkarteko kideek kudeatuko dute.
  • Inauguraziora etortzekoak dira: Debako Alkatesa Maider Zubikarai, Erromesen Elkarteko presidentea Jose Mª Izaga, Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa garapena eta Turismo Departamentuko Diputatua Jon Peli Uriguen, Turismo Foru Zuzendaria Iker Ortiz de Eguino, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare Zuzendaria Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaria Almudena Ruiz de Angulo eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburua.

 

2010ean, Debako Udalak, Debako Santiago Bideko elkarteak eta Eusko Tren Sareak geltokiko eraikinaren lehen eta bigarren solairuetan erromesen aterpetxe bat egiteko hitzarmena sinatu zuten. Egitasmoaren aurrekontua 309.000€ izan da. 2012an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 198.049,66€ko diru-laguntza onartu zuen proiektua gauzatzeko, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak 55.000€, ETSk ere 32.000€ jarriko ditu eta udalak jarriko duen kopuruarekin aurrekontu osoa beteko da. Bestalde, Debako Santiago Bideen elkarteak 30.000€ inguru jarriko ditu azpiegitura martxan jarri eta beharrezkoak diren altzari eta gainontzeko aurre egiteko.

Mendeetan zehar ibilbide ezezaguna izan bada ere, urtetik urtera hasiz joan den ohitura da Done Jakue bidea Kostako bidetik egitea. Zenbaitentzat bidaia espirituala da beste batzuentzat aldiz, kirol bidaia. Arrazoiak arrazoi urtetik urtera gehiago dira motxila eta mendiko botak hartu eta bideari ekiten diotenak.

Debako Santiago Bideko Lagunei esker 2004.urtea geroztik herrian erromesentzako aterpetxea izateak indartsu kokatu du Deba bidean eta dudarik gabe erabakigarria izan da azken urteetako erromes kopuruaren gorakadan. Egun, kostako bidea egiten duten erromes gehienek geldialdia egin ohi dute gurean.

Deba eta Euskal Herria mundu osora zabaltzeko marketing tresna paregabea da Done Jakue Bidea, baina gure garapen ekonomikoan ere abagune argia da. Debako aterpetxetik 2013an 7.758 erromes pasa ziren eta aterpetxeetan lo egiten duen erromes batek eguneko gutxienez 30€ gastatzen dituela jakinda eta Irun eta Muskiz arteko tartea ibiltzeko gutxienez 7 egun behar dituela kontutan hartuta, Euskadin Bideak uzten ditun gutxieneko diru-sarrerak erraz kalkulatu ditzakegu.

Azpiegitura berri honek orain arte elkarteak egindako lana baldintza hobeagotan egiten jarraitzea eta aterpetxetik pasako diren erromesei zerbitzu hobeagoa eskaintzea ahalbideratu ez ezik, eskaintza turistiko berriak sortzeko eta herriko ostalaritza eta merkataritzari bultzada emateko eragile garrantzitsua izango da inongo zalantzarik gabe.