Giro ona, bizikidetza eta parte-hartze handia 2026ko San Roke jaietan

2026ko abuztuaren 20aGiro ona, bizikidetza eta parte-hartze handia 2026ko San Roke jaietan

Udalak bost jai-egunetan izandako parte-hartze handia, giro ona eta bizikidetza nabarmendu ditu

Eskerrik beroenak, San Rokeak posible egin dituzuen guztioi.

San Roke jaiak amaitu dira, eta une egokia da egun hauetan Deba kolorez, musikaz, alaitasunez eta giro onez bete duzuen guztioi eskerrak emateko.

Jaiak ez dira egitarau batean jasotzen diren ekitaldiak soilik. Herri oso baten ahaleginaren, ilusioaren eta parte-hartzearen emaitza dira. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu San Rokeak hain alaiak, jendetsuak eta bereziak izan daitezen lanean aritu zareten guztioi.

Eskerrik asko Debako Musika Bandari eta Kalez kale txistulari taldeari, kaleak musikaz eta giro ederrez betetzeagatik; Gure-Kai dantza taldeari eta Aitzuri abesbatzari, gure kulturaren eta tradizioen transmisioan egiten duzuen lanagatik; eta Ozio-Bide elkarteko danborradari, beste urte batez ere, gure daborrada kaleetara ateratzeagatik.

Eskerrik asko Erraldoi eta Buru Handien taldeari, txikienen eta helduen aurpegiak pozez betetzeagatik; Umeen Eguneko antolatzaileei, gure haurrentzat hain egun berezia prestatzeagatik; eta zezenketetako ikuiluzainei, zuen lan isil baina ezinbestekoagatik.

Eskerrik asko Kardantxuloak kantuan aritu zaretenoi, gure kaleetan abestiak eta umorea zabaltzeagatik; gazteen arteko jokoak antolatu eta parte hartu duzuenoi, gazteen arteko giroa eta jaietako bizitasuna sustatzeagatik.

Eskerrik asko zezen plazako ikuiluaren atean aritu zaretenoi, plazaren berezitasunetako bat zaretelako eta desenkajonamenduan boluntario aritu zareten guztioi, zuen denbora eta ahalegina herriaren esku jartzeagatik.

Eta, noski, eskerrik asko egun hauetan modu batera edo bestera lagundu duzuen guztioi: elkarteetako kideei, boluntarioei, antolatzaileei, parte-hartzaileei eta ekitaldi bakoitzaren atzean lan egin duzuen guztioi. Zuei esker, San Rokeak ez dira egitarau hutsa; gure herriaren nortasuna, bizikidetza eta elkartasuna erakusten duten egunak dira.

Aipamen berezia egin nahi diegu, gainera, Udaleko brigadako langileei, udaltzainei eta Mankomunitateko garbitasun taldeari. Jaiak hasi aurretik, egunetan zehar eta jaiak amaitu ondoren egindako lana ezinbestekoa da Deba txukun, garbi eta prest egon dadin. Askotan ikusten ez den lana da, baina herriak ezin du zuen ahaleginik gabe aurrera egin. Eskerrik asko bihotzez.

Azkenik, eskerrik asko Debako herritar guztioi eta gurekin jaiak partekatu dituzuen guztioi, kaleak bete, ekitaldietan parte hartu eta errespetutik eta elkarbizitzatik giro ona sortzeagatik.

San Rokeak guztion artean egiten ditugu. Eta aurten ere erakutsi dugu Deba herri bizia, parte-hartzailea eta elkartua dela. 

Mila esker guztioi, eta datorren urtera arte.

Gora Deba eta gora San Rokeak!