Gorputz mugimendutik norbere barnera eta mundura

2016ko abenduaren 15aGorputz mugimendutik norbere barnera eta mundura

Debako Udaleko berdintasun sailak datorren asterako Dantza Mugimendu Terapian oinarritzen den tailer bat antolatu du. 55 urtetik gorako emakumeei zuzenduriko dantza eta gorputz espresiorako gune bat da. Tailerra astelehenean, hilaren 19an, izango da Agirre jauregiko dantza gelan 10:30etik 13:30era.

Dantza Mugimendu Terapian oinarritutako tailerra antolatu du Debako Udaleko berdintasun sailak. Debako 55 urtetik gorako emakumeei dantza eta gorputz espresiorako gune bat eskaintzean datza, bakoitzaren gorputz eta mugimenduan murgilduz eta aldi berean taldeko esperientzia bizitzeko aukera emanez.

Dantza Mugimendu Terapian oinarritzen den tailer honek integraziorako esperientzia bat bilatzen du, sentsazio fisikoekiko kontaktu progresibo bat, ahaztutako gorputzaren eta gogamenaren arteko konexioa, mugimendu eta emozioaren artekoa, norbere bizitzaren ardura hartzeko tresna, bizitzako arlo ezberdinetan autonomia garatzeko, gorputzera barneratuz eta gorputzetik pasaz. Espazio bat eskaintzen da non mugimendu eta dantzaren bitartez norberaren limite eta gaitasunen kontzientzia hartzea bultzatzen den, hau ahalduntze prozesuan lehen pausua izanik.

Gorputz mugimendutik norbere barnera eta mundura izeneko tailerra datorren astelehenean (abenduak 19) egingo da Agirre jauregiko dantza gelan. Saioa hiru ordukoa izango da: 10:30etik 13:30era eta dantza mugimendu terapeuta, aldiz, Uxue Pascual Esnaola. Interesatuta egonez gero, jar zaitez harremanetan berdintasun sailarekin 605 748 579 telefono zenbakira deituz edo berdintasuna@deba.eus  helbidera mezu bat bidaliz.