Herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen Gobernu plana aurkeztu du Debako udalak

2019ko azaroaren 22aHerritarren bizi-kalitatea hobetuko duen Gobernu plana aurkeztu du Debako udalak

Udaletxeko pleno aretoan aurkeztu du Debako gobernu taldeak legegintzaldirako gobernu plana. Bertan bildutako herritarren eta eragileen ordezkarien aurrean egin dute 100 neurri zehatzez osatutako planaren aurkezpena. Izan ere, “herritarrak erdigunean jarri nahi ditu gobernu talde honek eta prozesu osoan zehar izan dira presente. Bai neurriak pentsatzerako orduan, bai proposamenak jasotzerakoan eta noski egindako lana aurkezteko orduan ere”, Gilen Garcia alkatearen esanetan.

Ekitaldira arte gaiarekin egin duten ibilbidearen berri eman du Itziar Irizar alkate ordeak, nola joan den hezur mamitzen hasieran ideia soila zen hori, 100 neurri zehatzez osatutako lanerako dokumentu sendoa izan arte. Deba berriaz, parte hartzeaz, lankidetzaz... hitz egin dute gobernuko kide guztiek, planak dituen bost ardatzak eta 100 neurriak azaldu dituzten bitartean. 

Gaurdanik hasita etorkizuneko Deba eraikitzeko ikuspegiarekin egin du lan gobernu taldeak. Debarrek amesten duten herria errealitate bihurtzeko asmoz. Etorkizuna orain pentsatuz eta sortuz. Etorkizuna orain, hori da legegintzaldi honetan erabiliko den leloa eta irudi berri eta berritzailean jasotzen dena. Irudian zubia ageri da. “Zubiak asko adierazten du gure ustez, bi puntuen arteko lotura. Iragana eta etorkizunaren arteko lotura, desberdinen arteko lotura, elkarbizitza adieraziz eta uneoro zubiak eraikitzen, herritar, eragile, beste instituzioekin...Eta koloreak. Gure herriarentzat kolorea berreskuratu nahi dugu”.

Jarriko ditugun oinarri sendo hauekin herri demokratikoagoa, justuagoa, orekatuagoa, garbiagoa, euskaldunagoa, feministagoa, inklusiboagoa... eraikiko dugu”, esan dute aurkezpenean. Herritar guztiak hartu dira kontuan, erdigunekoak zein auzoetakoak, haur, gazteak eta helduak, gizonezko zein emakumezko, bertako zein beharragatik guregana hurbildutakoak. 

Bost ardatzek osatzen dute gobernu plana: udal antolaketa; gizarte zerbitzuak; tokiko garapena; kultura eta herri ondarea; berdintasuna eta parte hartzea. Eta ardatz horien baitan jaso dira 100 neurriak. Alor guztiak zaintzen ditu, ingurumena zein kale garbiketa, euskara nola turismoa, herriko merkataritza eta aparkatzeko gaia… Neurri txikiak eta handiak jasotzen ditu, izaera oso desberdinetakoak. 

Ez da plan itxia, dinamikoa izateko helburuarekin sortu da eta ondorioz, beharra dagoenean gehituko zaizkio neurri gehiago. Balorazioak egiteko uneak izango ditu, hori da planaren neurrietako bat, adibidez. Balorazio horietan jasotzen direnekin egingo dira beharrezko moldaketak. 

Ekitaldian banatu da 100 neurriak jasotzen dituen esku-orria eta datozen egunetan banatuko da gobernu plana jasotzen duen agerkaria Debako etxe guztietara.

Datorren igandean, hilaren 24an Itziarren egingo da aurkezpena, 13:00etan Burugorri Gainean.

Esku-orria