Ibar Oihar erakusketa Deban

2016ko urriaren 2aIbar Oihar erakusketa Deban

Debara ere iritsi da Ibar Oihar: Deba arroan eginiko soinu- eta kultura-ikerketa herritarren eskura jartzen duen modulu-erakusketa. Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak sustatutako egitasmo hau AudioLab kolektiboak garatu du, 2015ean zehar Deba ibarrean eginiko landa-lan baten bidez. Erakusketa honek pilatutako material eta erregistro esanguratsuenak biltzen ditu eta Debako Udaletxeko sarreran egongo da hilaren 20ra arte.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta Cristina Enea Fundazioak, AudioLab kolektiboaren laguntzarekin, Ibar Oihar egitasmoa jarri dute abian, helburua izanik Gipuzkoako ibai eta ibarren eta beren inguruko soinu, hots eta zaratak erregistratzea. Erregistro hau mendebaldean dagoen ibaitik abiatu da, Deba ibaitik alegia.

Leintz-Gatzagan sortu eta Deban itsasoratu arteko bidean, makina bat grabazio egin dira, ibaiaren izaera eta bere ingurunearen ezaugarriak soinu bidez erregistratzeko eta horien bitartez, soinu-mapa bat burutu dute. Hauek guztiak egitasmoaren webgunean daude entzungai, soinu ezberdinak atalka sailkatuak (natura, mekanikoa, urbanoa, gizartea, elkarrizketak, bioakustika…).

Ibaia soinu bidez erregistratzearen ondorioz sortutako material eta hausnarketa guztiak, berriz, Ibar Oihar erakusketa ibiltarian daude ikusgai. Bertan, Deba ibaiaren soinu-mapa kontsultatu eta bertako soinuak entzuteko aukeraz gain, bisitariak Deba ibaiari lotutako informazioa eskura dezake zenbait modulu eta panelen bidez; hala nola, Deba ibaiak gatzarekin duen harremana, bere nabigagarritasuna edota ibaiak bailarako industriarekin izandako harreman estua, besteak beste.

Erakusketa ibiltari hau asteburuan iritsi da Debako Udaletxera eta urriaren 20ra arte egongo da ikusgai, Udalaren ordutegian; 8etatik 15etara bitartean, alegia.