Iturri ondoan ekimena egingo da, baina izena ematen dion kokalekua aldatuta

2020ko ekainaren 24aIturri ondoan ekimena egingo da, baina izena ematen dion kokalekua aldatuta

Bizitzen ari garen egoera dela eta, hainbat festa eta ekimen ezingo dira ospatu aurten, baina Debako udalaren nahia da azken urteotan abiatutako euskal kulturaren transmisioaren lanarekin jarraitzea. Horregatik, baldintza bereziak hartuta bada ere, Iturri Ondoan ekimena egingo da, uztailaren 3tik abuztuaren 7ra, Euskal Jolas frontoian. Ostiraletan, 22:00etan, ikuskizun bana egongo da.

 

Zazpi urte beteko dituen Iturri Ondoan programaren helburuetako bat, euskaraz egiten den kultura ezagutaraztea da; kanpoko jardueren bitartez baina baita bertakoekin antolatutakoen bidez ere, Gilen Garciak Debako alkateak azaldu duenez. 

Arreta berezia jartzen da, ordea, euskaraz sortzeko prest dauden herritarrengan, kultura eta artea bitarteko hartuta, euskaraz harreman sare berriak jostea delako Iturri Ondoanen beste helburu garrantzitsu bat. 

Ekimena moldatu egin behar izan dugu, gaur egungo egoerak eskatzen dituen baldintzak bete ahal izateko. Baina bere helburuak eta izpiritua mantendu egingo dira, ekimenari izena ematen dion kokalekutik mugituta ere”, Aritz Larrañaga kultura zinegotziak azaldu duenez. Edukiera eta pertsonen arteko segurtasun tarteak mantendu ahal izateko, Plaza Zaharreko iturri ondotik Euskal Jolas frontoira mugituko da aurtengo edizioa. 

Debako udalak ekimen honekin bultzatu nahi duena laburbiltzen duen Artzeren poema bat ekarri du gogora kultura zinegotziak: “ur berria edaten dut, beti berria den ura, betiko iturri zaharretik”. “Berritasuna, irekitasuna, aniztasuna, gurean sustraituta. Izan ere, bereziki interesgarria iruditzen zaigu bertakoek lekua izan dezaten ekimen honetan. Eta horregatik, gonbidatu ditugu gaur gurekin egotera”. 

Irudia, musika, poesia, bertsoa izango ditugu aurtengo edizioaren adierazpideak. Diziplina desberdinetako artistek leku izan dezaten. 

Amaia Zinkunegik, Debako udaleko euskara teknikariak eman ditu xehetasunak. Sei ekimen desberdinek osatzen dute aurtengo programa. Uztailaren 3an hasi eta abuztuaren 7an amaituko da. Ostiraletan, gaueko 22:00etan egingo dira emanaldiak. 

Ttak teatroa + Kamikaz kolektiboaren Matriuska antzezlanarekin emango zaio hasiera aurtengoari, uztailaren 3an.Uztailaren 10ean, Iturrian jazz, Debako herritarrekin osatutako emanaldia. Bertako istorio kontalariak bertako jazz musikari inprobisatzaileekin ondutako lana. Uztailaren 17an: Begiradak, 7. edizioa. Herriko irudigileek bideoak eta argazkiak egin dituzte beste hainbatek literatur testuak sortzeko. Uztailaren 24an, bertso saioa. Uztailaren 31n, Sagartu, Oinkari dantza taldearen eta Hika teatroaren dantza eta antzerki ikuskizuna. Eta amaitzeko, Abuztuaren 7an, Izaki Gardenak taldearen kontzertua. 

Rexu Arakistainek Begiradak ekimenean parte hartzen du, “nire garaian euskara debekatuta egon zen, eta orain, libertate honekin, poz handiz hartzen dut Begiradetan, euskara defendatzeko”.

Ekimen berean parte hartzen du Antton Aizpuruak ere. “Euskarari eta euskaltzaleoi beste plaza bat ematen digu herrian eta garrantzitsua da gazteek, eta nerabeek ere, ikus dezaten herritarrok ere parte hartzen dugula, bai idazterako orduan eta bai irakurtzerako orduan, etorkizunean ere beraiek jardun daitezen”. 

Iturrian Jazz-en parte hartuko duen Josu Salegik azaldu du ekimenaren nondik norakoa: “bi festibalen batura da, indarrak handituz, egiten dena, ipuin kontalari eta musikariak musika inprobisatzen. Uste dut atmosfera kuriosoa sortuko dela”. 

16 urtetik gorakoei zuzendutakoak dira jarduerak. Herriko bi ekitaldiak, ordea, Iturrian Jazz eta Begiradak, herritar guztientzako zabalduko dira, COVID19a dela eta agindutako neurriei jarraiki, behin aulkian eserita, ez dago aulkia mugitzerik ez ekitalditik irteterik ere. Hori kontuan edukitzea eskatzen die Udalak etortzea erabakitzen duten gaztetxoei edo haurren gurasoei.

Ekitaldietarako jarraibideak egitaraua jasotzen duen liburuxkan jaso dira. 

Alkateak gogorarazi duenez, Debako udalak, ekimen guztiek osasun eta segurtasun baldintzak bete ditzaten beharrezko neurriak hartuko ditu. Eta herritarrei eskaera bat ere luzatu die: “herritarrei eskatu nahi diet horiek bete ditzaten, denon osasuna berma dadin”.

EGITARAUA

MATRIUSKA

ITURRIAN JAZZ

BEGIRADAK

BERTSO SAIOA

SAGARTU

IZAKI GARDENAK